Urteko gau beroenaren ostean ere, ildo beretik esnatu zaigu astearte hau, irailaren 7a. Berotik joango zaigu gaurkoa ere. Abisu horian segiko dugu egun osoz, "tenperatura altu iraunkorragatik", baita "baso sute arriskuagatik" ere. "Tenperatura minimo/maximoak kostaldean 21/33 ºC ingurukoak eta Kantauri barnealdean 20/35 ºC ingurukoak izan daitezke. Tenperatura 25 ºC-tik gora egon daiteke goizaldeko ordu askotan. Tenperatura minimoak egunaren amaieran neurtuko dira", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Aipatu moduan, baso sute arriskuagatik ere abisu horia indarrean izango gara gauerdira arte, "tenperatura altuagatik, hezetasun erlatibo baxuagatik eta hego-osagaiko haizeagatik".
Urteko gau beroena bizi izan dugu; 30 graduren bueltako tenperatura. Astelehen arratsalde partean, ia berrogei gradu izatera heldu ginen.
Aldaketa, asteazkenean
Giro honetan, astearte honetan Usurbilen, "zerua partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodei eta goi-hodeiekin. Egunaren bigarren partean baliteke zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Arratsaldean indarra galduko du eta mendebal-osagaitik finka daiteke. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez".
Aldaketa biharko, irailaren 8rako iragarri du Euskalmet-ek. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean ipar-osagaira egingo du eta ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira eta maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Ostegun "goizean lanbroa sortuko da. Zerua tarteka hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Zaparrada txikiak botako ditu, egunaren bigarren zatian zenbait lekutan ertainak eta trumoitsuak izan daitezke. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, goizaldean hego-osagaiko haizea nagusituko da, eta egunaren erdiko orduetan ipar-osagaikoa finkatuko da, ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus