Garaiz kanpoko mozketak
Harrituta geratu nintzen uda erdi erdian Andatzan dagoen Norteko Harizti handienean zuhaitzak mozten hasi zirenean. Pentsatu nahi dut basozainaren baimen guztiekin ari direla lanean eta harizti hori botatzen ari denak ez du deusen kulparik. Ulergaitza iruditzen zait harizti on bat egiteko (kasu honetan bezala) laurogei edo ehun urte behar dituenean, pertsona bati edo biri okurritu zaielako udara erdian botatzen hastea. Hau ez da urtebeteko gauza bat edo hanka sartu dut esanda gauzak erraz konpondu ditzakeen zerbait. Kasu honetan ehun urteko harizti batekin dabiltza jolasean, eta horretarako ez dauka inork eskubiderik nahi duenean botatzeko. Basozainak berak jakingo du zergatik eman dion botatzeko baimena. Kasu asko eta askotan, bota beharreko zuhaitzak haritza izateagatik soilik, ez dute baimenik ematen edo beste edozein aitzakia jarriko dute baimenik ez emateko. Oraingo honetan zer geratzen da? Egur honek orain ez du ezertarako balio. Ez behintzat iraupen luzerako gauzak egiteko. Aldiz, neguan, bere garaian bota ezkero edozer gauza egiteko balioko luke. Beraz, ea denok begiak zabaltzen ditugun eta erakundeei eskatuko nieke arreta gehiago jartzeko horrelako gauzetan, ehun urteko baso batekin ari gara jolasten.
OKEL