Usurbil 1936

“Izan zirelako gara” oroimen ekitaldia irailaren 18an

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 10:25
Usurbil 1936 bilgunekoek eginiko bileretako bat.

85 urte beteko dira irailaren 18an, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik.  Eguna ez da oharkabean igaroko; Usurbil 1936 herri bilgunea “Izan zirelako gara” izeneko ekitaldi berezia prestatzen ari da, larunbat horretan 18:00etan Usurbilgo frontoian ospatuko dena. Bertara joan nahi duenak aurrez izena doan eman dezake usurbilkultura.eus plataforman.

“Halako justizia poetikoa egin” eta “errepresioa jasan, erahil edo desagertu zirenak, erbestera joan behar izan zutenak” omendu nahi dituzte. “Gehientsuenak ez daude zoritxarrez, horregatik senideen bidez beraiek omendu nahi ditugu. Ekitaldi hunkigarria izango da, ezustekoz beterikoa”, aurreratu dio NOAUA!ri Usurbil 1936 herri ekimenaren sustatzaileetako batek, Aitor Azurkik. Herritarrei barrualdea mugiaraziko dion hitzordua datorkigu, gertatu zena oroitu eta elkartea zertan ari den erakutsiko duena. “Herritik     herriarentzat sortutako ekimena”, hastapenetik “elkartea oraindik gorpuztu gabe zegoenetik ideia argi genuen denok”.

Garai hartan bizi eta isilarazitakoa argitara ateratzeko bide horretan, mugarri  garrantzitsua. “Beste pauso bat Usurbilgo herriari zor diogun memoria historikoaren lanketan”. Elkarlan horretara batu da Usurbilgo Udala, baita “oso soslai ezberdineko bolondresak ere”. Besteak beste, memoria historikoaren alorrean lehendik lanean aritutako herritarrak, “senideak inplikatuak izan zituztenak” edota “memoria historikoaren eta giza eskubideen kontzientziak” erakarritakoak ere badira.

Gudalekuak berreskuratzea, hurrengo urratsa
Urtebete pasatxoko ibilbidea egin du jada memoria historikoaren arloan lanean ari den herri bilguneak. Parte hartzean oinarrituta informazioa, lekukotzak biltzen aritu dira. Aurrera begira, hurrengo fase garrantzitsua, gudalekuen berreskuratzea izango da. “Hor ere ezustekoak izatea espero dugu”. Bi faseotan bildutakoa erakutsiko dute gero, eta azkenik egindako lana argitaratuko dute, jasoa gera dadin. “Oso pozik gaude parte hartze prozesuan herriak emandako erantzunarekin. Boluntario talde indartsua dugu, gogotsu, grin handiz ari dena”.