Usurbil 1936

1936an fusilatu zituztenen aztarna berrien bila

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 10:02

Zehazki fusilatu zituzten herritarron aztarna berrien bila dabil Usurbil 1936 elkartea. Inork arrasto berririk izango balu, bilguneko kideekin hartuemanetan jartzea eskertuko lukete. Gogoan izan, 85 urte beteko dira irailaren 18an tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik. Egun horretarako omenaldi berezia prestatzen ari dira.

“Frankistak Usurbilera sartu eta ondorengo egunetan fusilatu zituzten 7 usurbildarren arrastoa aurkitu dugu. Saiatu garen arren, ez dugu batzuen familiakorik topatu”, adierazi dute Usurbil 1936 elkartetik. Herritarrei laguntza eskatzen diete, “informazioa biltzeko. Norbaitek ondorengoen senide, lagun edo auzokoren bat ezagutuko balu, elkarteari jakinaraztea eskertuko genioke. Era berean, beraien argazkirik balu, gure eskura jartzea ere eskertuko genioke”. Elkartearekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue: 665 724 752 / 36kogerra@usurbil.eus. Herritar hauen inguruko xehetasunak jaso nahi lituzkete:

-Kosme Yagüez Beristain:
Zubietako maisua zen eta 30 urte zituen hil zutenean. Aita tren-geltokiko arduraduna zuen.

-Jose Galarmendi Balerdi: 
Kalezarko Kaxkoenean bizi zen. 50 urte fusilatu zutenean. Bere familiak alde egin zuen eta bi semeek ere errepublikarren aldeko frontean galdu zuten bizia.

-Romana Zubiria Urruzmendi:
Aginagan jaioa 1891 aldera eta seguru asko Iyarbe Beheko baserrian bizitakoa. Aginagako elizan ezkondu 1923an eta Donostiara joan zen bizitzera. Aita Pedro Ignacio Zubiria Amondarain eta ama Mikaela Urruzmendi Calparsoro zituen.

-Jose Heredero Pineda:
Usurbilen jaioa, bertan ezkondua eta bizitakoa gerora Igeldora joan bazen ere. Aita eta ama Usurbilgo maisu-maestrak ziren. Kasu honetan senideak aurkitu ditugu, baina kalitate handiko argazkirik ez.