EROskopoa

Hemen da iraileko EROskopoa

Noaua Aldizkaria 2021eko irailaren 9a

Hauek dituzue hilabete honi begira, Puntapaxeko sorginak idatzita utzi dituen aholkuak. 

ARIES
Ikasturte hasiera ero samarra izango da zuretzat, ate berri asko irekiko zaizkizulako. Hileko aholkua: Baina kontuz aire-korronteekin!

TAURUS
Kezkatuta zaude martxotik hona irabazi dituzun kilo horiengatik eta garai aproposa duzu kirol pixka bat egiten hasteko. Hileko aholkua: Bizikleta estatikoa erosteko une aproposa da.

GEMINI
Festetarako gogoa duzu, baina gogoratu hamar pertsona baino gehiago elkartzea ez dela komenigarria. Hileko gomendioa: Ba al dituzu 10 lagun?

CANCER
Bihotz kontuek loa kenduko dizute hilabete honetan, eta gora behera handiak izango dituzu. Hileko aholkua: Etxean desfibriladorea edukitzea komeni zaizu.

LEO
Maskarilla eramaten bikaina zara: belarritik zintzilik, kokotsean, ukalondoan,… Hileko aholkua: Noizean behin eraman bera den tokian!

VIRGO
Koronabirusak ez du zure urtebetetze eguna zapuztuko, baina osasun neurriak hartu beharko dituzu. Hileko aholkua: Tartako kandelak ez itzali maskarilla jantzita duzula!

LIBRA
Etapa berri bati ekiteko garai aproposa duzu hauxe. Baliatu ezazu beti egin izan nahi duzun hori egiteko. Hileko aholkua: Iratzargailurik gabe bizitzeko, adibidez.

SCORPIUS
Telelanera bueltatzeko beldur zara, ordainpeko lana egin ordez etxeko lanetan aritzen zarelako gehiago. Hileko aholkua: Prestatu ezazu bulegoa ganbaran edo sotoan, bake pixka bat izateko.

SAGITARIUS
Maitasunak zure atea noiz joko zain zaude, baina gauzak ez dute horrela funtzionatzen. Mugitzeko garaia duzu. Hileko aholkua: Zergatik ez duzu Noaua!n iragarki bat jartzen?

CAPRICORNIUS
Maskarillak traba asko egiten dizu, baina gauza onak ere baditu: bibotea ez duzu zertan depilatu eta barre faltsua egiteko ere oso baliagarria da. Hileko aholkua: Terrazatik haratago bizitza badago!

AQUARIUS
Naturarekin bat egiteko izugarrizko gogoa izango duzu hilabete honetan, baina kontuan izan Euskal Herriko tontorrak jendez gainezka daudela. Hileko aholkua: Andatza hor izanda, zertarako behar duzu gehiago?

PISCIS
Triste xamar zaude lanera bueltatu zarelako eta hondartzara joateko denbora gutxiago duzulako. Hileko aholkua: Oria ibaian hankak sartuta egotea ez da batere plan txarra.