Koronabirusa

Sexualitatea eta covid19 hizpide izango dituen ikastaroan matrikulazioa zabalik

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 11:13

Covid19ak sexualitatean izandako eragina aztergai izango duen ikastaroa antolatu du UEU-k Usurbilgo Udalaren laguntzaz urrirako. Saioak eskainiko dituen irakasleetako bat ere herritarra izango dugu; Jon Imanol Etxabe Telleria sexu aholkulari eta psikologoa. Matrikulazio epea zabalik da jada.

Antolatzaileek covid19ak geure sakonenean nola eragin digun behatzeko gonbita luzatzen digute. "Azter dezagun nola eragin duen gure alderdirik humanoenean. Nola aldatu diren sexua bizitzeko era, harremanak, kontaktua... eta kontaktuaren falta”.

Hitz gutxitan, "nola bizi izan dugu hain kontraesankorra izan den garai hau? Sustraitik erauzi digu munduarekiko genuen ulerkera; geure izate osoa erabat astindu eta bizitzeko eta harremanak izateko moduak hankaz gora jarri".

Gogora ekartzen dute, iaz bizi izan genuena. "Hiru hilabeteko itxialdi bat, alditan ia erabat isolatuta, maite dugun ororekin kontaktua askotan maila digitalera mugaturik; mundu-mailan eragina duen gaixotasun baten izua, artean sendabide ezagunik gabea, edonor edonoiz kutsatzeari beldurra, eta, inoiz ez bezala, bat-batean erabat gelditu beharra; geure buruari, egunerokotasunari, denbora hutsari aurre egin beharra".

Covid19aren aurreko garaiko sexualitatea, pandemia artekoa eta etorkizunari begirakoa, hizpide izango dituen ikastaroa antolatu du UEU-k Usurbilgo Udalaren laguntzaz, datorren hilabeterako, urrirako. Matrikulazio epea ostegun honetan bertan, irailaren 9an zabaldu dute. Hemen dituzue xehetasunak:

"Sexualitatea covid19 aurretik, bitartean eta ondoren"
Epea: urriak 1-30.
Egunak: urriak 1, 8, 15 (ostiralak), urriak 30 (larunbata).
Ordutegia: ostiraletan 17:00-20:00 artean; larunbatetan, 9:30-13:30 artean.
Tokia: Potxoenea.
Ordu kopurua: 13 (ostiraletako 3 saioak klase formatukoak, larunbateko azkena tailerra).
Matrikulazio epea: irailak 9-24 artean.
Matrikula-prezioak: 91 euro. 82 euro ikasle, langabe eta erretiratuek. 68 euro bazkideek.
Irakasleak: Jon Imanol Etxabe Telleria (sexu aholkularia eta psikologoa) eta Iñaki Dorronsoro Maioz (UEUko sexologia sailburua 2018tik).
Helburuak:
-Inguruneak sexualitatearengan duen eraginaren inguruko hausnarketa sustatzea.
-Ezkutuko hainbat errealitate azaleratzea.
-Pandemiaren eta itxialdiaren eragina ikustea, iraganean, orainaldian eta etorkizunean.
-Liburuaren Sexologia atalaren azalpena eta dibulgazioa egitea.
Edukiak:
-Sexualitatea pandemiaren aurretik: Irakurketa orokorra; erlazionatzeko modua; teknologiaren eragina; erotismo indibiduala.
-Sexualitatea pandemia eta itxialdi garaian: Kotimitatea; gaixotasunak ala itxialdiak eragin digu?; ihesa, ebasioa eta konpentsazioa; masturbazioa; pornografia eta erotismoa; 3.0 sexualitatea; legea eta desira.
-Sexualitatea pandemia ondorengo garaian: Beldurrak; baliabideak; aurrez landutakoa, nola dago orain?; txertoaren eragina; aurrera begirako proiekzioa.

Informazio gehiago: ueu.eus
Antolatzailea: UEU.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia.