Koronabirusa

Mikel Artola, erizaina ZIUn: “Hilabeteotan gaixo gehiago ikusi ditut hiltzen, bizirik ateratzen baino”

Zainketa Intentsiboetako Unitatean lanean, halaxe pasa ditu pandemiako hilabete gogorrenak. Mikel Artola ZIUko erizainak hilabete zailak bizi behar izan ditu gaixoak zaintzen, eta udan lasaixeago ibili badira ere, argi dauka pandemia ez dela oraindik amaitu. NOAUA!rekin azken hilabeteetako bizipenak partekatu ditu.

NOAUA! Pandemia egoera hau nola ari zarete bizitzen ZIUn?
Mikel Artola: ZIUn errealitate desberdinak bizi ditugu azken hilabete hauetan. Ekainean, txertaketaren ondotik ZIUn ere eragina nabaritu genuen, eta bitan banatu genuen unitatea, erdi eta erdi. Ordura arte, Covid gaixoek zati handiagoa hartzen zuten besteek baino. Orokorrean, bi beldur nagusi ditugu ZIUn, Covida duten gaixoen kopurua igotzea batetik, kontuan hartuta neurriak malgutzen ari direla etengabe. Txertaketak lasaitasun puntu bat eman digu, baina oraindik denak ez daude txertatuta, eta hori oraindik ere arazo da. Beste arazoa da, ZIUn eskarmentu handia zuten profesional askok alde egin dutela egoeraren ondorioz, eta orain jende berri asko gaude. Patologia berriak hasi gara ikusten, eta unibertsitatean oso gutxi aztertzen den gaia da ZIUrena, beraz, beldurra ere badaukagu alde horretatik. Beteranoentzat ere arazoa da hori, berriak garenoi laguntza eman behar baitigute, eta saturatu egiten dira. Zirkulu batean sartuta gaude, eta zaila da hortik ateratzea. Kudeaketa arazo larria dago, eta lan egoera eramanezina da: opor falta, egoera berriei aurre egiten ez jakitea, behar baino ordu gehiago sartzea…

Segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dituzue, ezta?
EPIak gogortu egin dira Covid gaixoen gunean. Denbora gutxi daramatenen kasuan, gure lana ez da oso desberdina, intubatuta egoten baitira. Arazoa izaten da kronifikatzen hasten direnean, 20-30 egun baino gehiago daramatzatenean, mugitu egin behar dira eta janaria eman behar zaie. Hiru aste mugitu gabe egon diren gorputzak izaten dira, eta konziente badaude ere, ezin dira mugitu. Beraz, erizainok egin behar ditugu zainketa lanak %100ean. Burutik oinetarainoko jantzi berezia jantzita sartzen gara. Pentsa udan eta egun beroetan zer den hori. Etxera egunero izerditan blai. Lanera joateko gogoa kentzen dit honek, baina eskerrak bokazio handia daukadan.


“Egoera gogorrak pasa ditugu ZIU unitatean”
NOAUA! Lana uztea pentsatu duzu?
Mikel Artola: Ez, ez. Egoera gogorrak pasatu ditugu, baina ZIUko lanari gustua hartzen hasi naiz. Gustua hartu diot behin ZIUko lana nolakoa den ikasi dudanean. Otsailetik nago ZIU unitatean, eta hiru hilabete naramatzanean esperientzia dezente zeukaten horietakoa nintzen, beste asko ni baino berriagoak ziren. Pentsa lau hilabete inguru lanean daramatzan norbaitek berriagoei gauzak azaldu beharra zer den. Gaixoak ere eskarmentuaren arabera hartzen ditugu, hau da, esperientzia gehiena dutenek gaixorik okerrenak zaintzen dituzte, eta berrienek ondoen daudenak. Gaixo bat okerrago jartzen denean, berriek beteranoengana jotzen dute, eta askotan aurkitzen gara bost gaixo batera zaindu beharrarekin, berez ZIUn erizain bakoitzak bi gaixoren kargu egin behar duenean.

Plantako lanarekin zerikusi handirik ez du lan horrek, orain behintzat.
Bat ere ez. Plantan 20 bat gaixo zaintzen ditu erizain bakoitzak, eta ZIUn, teorian behintzat, 2. ZIUn zerbait gaizki eginez gero, pertsona baten bizitza arrisku larrian jar dezakezu. Azkenean, larritasun maila izugarria da. Sendagai izugarri eman behar zaizkie, garbitasunari dagokionez ere dena egin behar zaie, kablez josita egoten dira… makinaria guztiarekin oso kontu handiz ibili behar da.

“Hilabeteotan gaixo gehiago ikusi ditut hiltzen, bizirik ateratzen baino”
NOAUA! Kalean badira negazionistak, birusik ez dela diotenak.
Mikel Artola: Jendea musukorik gabe asko ibili da kalean, sagar bat jaten arratsalde guztian musukorik ez jartzeko eta abar. Lehen ZIUan oso zaila zen gela guztiak betetzea, eta otsailetik udara bitartean oso oso gutxitan izan dugu gelaren bat libre. Gela libre geratu bezain pronto beste gaixo bat sartzen zen. ZIUko zainketaren datuak begiratuz gero, gaixoen biziraupenerako aukera oso altua zen lehen, baina orain birusarekin datu horiek goitik behera erori dira. Nik gaixo gehiago ikusi ditut hilda joaten, bizirik ateratzen baino.

Erizain modura gogorra izan behar du momentu horretan hor egon beharrak.
Gogoan dut kasu bat. Sei bat senitarteko boxaren kanpotik begira zeudela negarrez eta oihuka, eta ni han. Haiek aitari agur esaten, egoera latz horretan, eta ni horren guztiaren erdian. Behin gaixoa hil eta gero, ez dizkiogu hodiak eta gainontzeko materiala kentzen; dagoen bezala eramaten dute tanatoriora. Tanatorioko prozesu guztia galtzen da, eta prozesu hori doluarentzat ezinbestekoa da.

Momenturik gogorrenak noiz bizi izan dituzue?
Laugarren olatua izan omen zen okerrena. Neguko hilabeteak, batez ere. Ni otsailean hasi nintzen eta ez ninduen olatu osoak harrapatu, baina lankideek hori diote. Uda aldera hobekuntza nabaritu genuen txertaketaren eraginez, eta pixkanaka lasaituz doala dirudi berriz ere.

“Geroz eta gizonezko erizain gehiago gaude”
NOAUA! Betidanik erizaintza lanbide feminizatutzat hartu izan da.
Mikel Artola: Erizaintzan emakume gehiagok egin izan du lan betidanik gizonek baino, hortik aurrera ez da besterik. Ez da emakumeen izaerari lotutako lanbide bat edo askotan erabiltzen diren argudio zentzugabe horiei lotutako ezer. Egia da geroz eta gizonezko erizain gehiago gaudela. Unibertsitatean ere nabari da igoera hori. Nire taldean 11 mutil ginen. Erizaintza oso bokazionala da, eta medikuntza egiteko notak eman ez dion jendearentzat osasungintzari lotutako ikasketak egiteko aukera. Zaintzari lotutako sen gutxiago izan genezake mutilek orokorrean, baina ez dakit kontzeptu hori zeri lotuta egon daitekeen. Hezkuntza kontua izan daiteke edota orokorrean umeek amaren figuran ikusten duten berezko hori.

Zuk baduzu sen hori?
Nik erizaintza oso bokazionala dut. Erizaintzan lanean dabiltzan gizon asko ikusten ditut oso ondo egiten dutenak beren lana, eta gaixoek ere benetan haien lana zoriondu dutena. Emakume erizain bikainak ere badaude. Erizain txar gutxi ezagutzen ditut, baina gehienak emakumeak dira. Normala da neurri batean, orokorrean erizainen ehuneko gehiena emakumeak direlako.

Gaixoei ez die atentzioa deitzen gizon erizainak ikusteak?
Askotan esaten didate: “zer, datorren urtean medikuntza egingo duzu?”. Askok lotsarik gabe gisa horretako aipamenak egiten dituzte. Nik beti esaten diet ez dudala mediku izateko inolako intentziorik. Batzuk gizon batek zaintzea ondo hartzen dute, beste batzuk ez dira oso eroso sentitzen, beste batzuk errespetu gehiago izaten digute gizon izate hutsagatik, eta beste batzuk alderantziz. Denetik dago, baina printzipioz beti gauza positiboak esaten dizkidate.