Pintada frankista, homofobo eta matxistak Oriarten

Sare sozialetatik hartutako irudia.

Duela hilabete gutxi gertatu moduan, Franco goratu, homosexualitatea gaixotasuntzat jo edota "Feminazi" zioten margoketak egin dituzte azken egunotan, Usurbil eta Lasarte-Oriako Oriarte institutuan.

Usurbil eta Lasarte-Oriako Oriarte institutua, pintaden horman bilakatu da berriz. Franco goratu, homosexualitatea gaixotasuna dela adierazi edota "Feminazi" zioten pintadak egin dituzte egunotan ikastetxeko patioan. Margoketa hauek ikusi eta berehala ezabatu zituzten langileek ostegun goizean. Duela hilabete gutxi antzeko egoeran aurkitu ziren, pintadekin eta auzolanean margotu zuten horman egin dituzte berriz margoketok.

"Jarrera hauen aurrean ez gara isilik geratuko!", adieraziz, ostiral honetarako, irailaren 10erako elkarretaratzea deitu dute 20:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan. "Erasoen aurrean autodefentsa feminista!" deitu dute sare sozialen bidez.

Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak eraso hau salatu du erakunde adierazpen baten bidez.