Isurketak Aranerrekan

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 11a, 12:59

Azken orduotan ur zikinen isurketa gehiago izan dira Aranerrekan.

Apar txuria ikus zitekeen Aranerrekaren punturen batean larunbat goiz honetan. Anerreka Ingurumen Elkarteak helarazitako bideo batek ur zikinak nola isurtzen ziren erakusten du. 

Ur zikinak Aranerrekatik desbideratzeko eskaera
Ez da halako eskaera bat NOAUA!ra helarazten duten lehen aldia. Anerreka Ingurumen Elkarteak oraindik egun Aranerrekara ur zikinak isurtzen segitzen direla ohartarazi du berriro. “Aspaldiko arazoak bere horretan dirau, Kalezar eta Kale Nagusiko etxebizitza batzuen ur zikinak Aranerrekara isurtzen jarraitzen baitute, umeak jolasten diren gunera zuzenean isuriz”, dio Anerrekak helarazitako idatziak. Isurketok eragindako kalte bikoitzaz ohartarazten du Anerrekak. “Ingurumenari egiten zaion kalteaz gain, umeen osasuna arriskuan jartzen da isurketa horien ondorioz”.

Ur zikinak Anerrekatik kolektorera desbideratzea premiazkotzat jotzen du ingurumen elkarteak. “Premiazkoa ikusten dugu etxe horien ur zikinak dagokien kolektorera isurtzeko behar beharrezkoa den obra txikia egitea”, diote. Maiatzean hala jakinarazi ziotela Usurbilgo Udalari gogorarazten du Anerrekak, “eta orain, baita URA Agentziari ere”. Udaberrian hain zuzen, auzolanean erreka bazterrak garbitzen aritu ziren arren, “erakundeei beraien ardurak betetzea eskatzen diegu, besterik ez”.

“Herriarentzako lurrak eskuratzearen onura”
Izenburu honen bueltan solasaldia antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak irailaren 23an 18:30etan Sutegiko auditorioan. Itsasondoko esperientzia izango dute aztergai, bertako alkate, biologo eta botanikari Iñaki Aizpururekin:
Eguna: irailak 23, osteguna.
Ordua:
18:30.
Tokia: Sutegi.
Hitzaldia: "Herriarentzako lurrak eskuratzearen onura. Itsasondoko esperientzia".
Hizlaria: Iñaki Aizpuru (biologo, botanikari eta Itsasondoko alkatea).
Zehaztasunak: "Gaurko egunean, lurjabe askok ez dute etekinik ateratzen jabetzan dituzten sailetatik. Askok lurrarekiko harremana galdua dute, eta jabetza senide askoren artean banatuta egoten da. Soro eta belardi ez diren eta nekazaritzarako erabiltzen ez dituzten lurzoruek «ahal den neurrian» kudeaketa publikoa izan beharko luketela pentsatzen du Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak.

Itsasondoko Udala 2007an hasi zen bere natura ondarea ezagutu eta babesteko hainbat lan egiten. Beti ere baso autoktonoa berreskuratzeko, landa eremua kontserbatzeko eta ibaia eta ibar-basoak babesteko eta berreskuratzeko asmoz. Lan horiekin batera, partikularrek behar ez zituzten lursailak erosteari ekin zion Itsasondoko udalak, eta gaur egun 100 ha-ren jabe da, batez ere Murumendi aldean".
Antolatzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.