Usurbil 1936

Oroimen ekitaldi hunkigarria iragarri dute larunbaterako

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 13a, 18:13

Tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 85. urtemuga egunerako, irailaren 18rako "Izan zinetelako gara" ekitaldi berezia prestatu dute Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Antolatzaileek astelehen honetan egindako agerraldian aurreratu dituzte zenbait xehetasun.

"Ekitaldi oso hunkigarria izango da, balioko du ere ikusteko duela 85 urte zer giro zegoen hemen eta zer bizi zuten". Hitzordu hunkigarria izango da "Usurbil 1936" elkarteak eta Usurbilgo Udalak larunbaterako, tropa faxistak udalerri honetan sartu zireneko 85. urtemuga egunerako antolatu dutena. 

Eguna bitan zatitu dute; memoria historikoa lantzen ari den aipatu herri bilgunearen logoaren mural margoketa egingo da goiz partean. "Herritarrak margotzera anima daitezke. Musika ere izango dugu. Hasiera koloretsu eta dibertigarria izango da", iragarri dute antolatzaileek, hitzordua aurkezteko astelehen honetan Mikel Laboa plazan egin duten agerraldian. 

Arratsaldean ospatuko da ekitaldi nagusia; "Izan zinetelako gara" oroimen hitzordua. Dantza, poesia, musika, hitza tartekatuko ditu. 36ko altxamendu faxistaren ondotik fusilatu zituzten zazpi herritarrak gogoan hartuko dituzte. Haietako bakoitzaren omenez suziri bat jaurtiko da ekitaldi hasieran, senideei ere oroigarriak banatuko zaizkie.

Fusilatuen senideak
Orain arteko ikerketetan bost fusilatu usurbildarren berri bazuten; orain beste bi batu zaizkie. Tartean, Euskal Herrian gutxi izan arren, emakumezko fusilatu bat; Romana Zubiria Urruzmendi. Senarrarekin batera erahil zuten. Bere seniderik aurkitu du Usurbil 1936 elkarteak. Baita Jose Heredero Pinedaren familiartekoak ere. "Senideak oso hunkituak eta pozik daude, inoiz ez baitiete omenaldirik egin". Senideak, egitasmo honetako partaideak... Hainbat lagun erakarriko du hitzorduak. Lekua ahal bezain laster hartzea beraz komenigarriena. Izena aurrez eman beharko da, irailaren 16a baino lehen, ohi bezala, usurbilkultura.eus plataforman. 110 lagunentzako lekua egongo da. "Aforoa mugatua izango da, beraz jendea ahalik eta lasterren joan dadila apuntatzen".

Ekitaldian zehar, elkartearen logodun kamisetak ere salgai izango dituzte.

"IZAN ZINETELAKO GARA"
Irailak 18, larunbata
10:00 Mural margoketa: "Usurbil 1936" elkarteko logoaren margoketa.
Ondoren, murala herrian zintzilikatzea.
18:00 "Izan zinetelako gara" ekitaldia frontoian: 
-Hasiera zazpi suzirirekin, zazpi fusilatuen omenez.
-Ekitaldia: dantza txistulariekin, musika, mintzaldiak, txalaparta, bertsoak, poesia errezitaldia, lore eskaintza eta oroigarri banaketa fusilatuen senideei. 

Izen ematea: irailaren 16ra arte usurbilkultura.eus plataforman.
Oharra: 110 lagunentzako tokia.
Antolatzaileak: "Usurbil 1936" elkartea, Usurbilgo Udala.