Usurbil 1936

Gudalekuak berreskuratzeko boluntarioak behar dituzte

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 13a, 17:32
Txaldatxur. Artxiboko irudia.

Usurbil 1936 elkartearen datozen ekintzetarako bolondresen laguntza beharko dutela azpimarratu dute, irailaren 18ko "Izan zinetelako gara" omenaldi ekitaldia aurkezteko astelehen honetan Mikel Laboa plazan egin duten agerraldian.

1936ko irailaren 18an tropa faxistak Usurbilen sartu zirela 85 urte beteko diren larunbat honetarako, irailaren 18rako "Izan zinetelako gara" ekitaldia antolatu dute Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Herri honi lotutako oroimen historikoa lantzeko prozesu eta bide luzeago baten baitan kokatzen da hitzordu hau.

Ez da ordea azkena izango. "Ekintza gehiago etorriko dira", iragarri dute hilaren 18ko omenaldia aurkezteko antolatzaileek astelehen arratsalde honetan Mikel Laboa plazan egin duten agerraldian. Horietako bat, gudalekuen berreskuratzea, "lubakiak berreskuratu, garbitu, atondu, txukun jarri jendeak bisita ditzan". Auzolan honetarako bolondres gehiago beharko dituzte. "Laguntza beharko dugu. Oso gogotsu ari diren bolondresak ditugu, baina jende gehiago beharko dugu, oso plurala delako egin beharreko ekintza kopurua". Hortxe luzatu duten gonbita. "Ahalik eta jende gehien hurbildu dadila bolondres bezala lan egitera, norberak ahal eta nahi duen moduan". 

Gogoan izan, jada urtebete pasatxoko bidea jorratu duen egitasmoa lau faseetan garatu nahi dute:
1-Ikerketa lana: Euskal Herriko eta Espainiako artxibategi publiko eta pribatuetako informazio iturrien lanketa. Faxismoari aurre egin zioten usurbildarren izen-abizenak berreskuratu nahi dituzte; errepresaliatuak, erbestera joandakoak.... 
2-Parte-hartze prozesua: Memoriaren bulegoaren irekiera, dokumentu, argazki eta lekukotzak biltzeko. Gudalekuak berreskuratzea: "Usurbilgo Frontea" gunea txukundu eta ezagutaraztea.
3-Memoriaren bulegoan bildutako materialaren erakusketa.  
4-Bildutako informazio guztiarekin liburu, dokumental edo webgune bat plazaratzea.



Aztarna berrien bila
“Frankistak Usurbilera sartu eta ondorengo egunetan fusilatu zituzten 7 usurbildarren arrastoa aurkitu dugu. Saiatu garen arren, ez dugu batzuen familiakorik topatu”, adierazi dute Usurbil 1936 elkartetik. Herritarrei laguntza eskatzen diete, “informazioa biltzeko. Norbaitek ondorengoen senide, lagun edo auzokoren bat ezagutuko balu, elkarteari jakinaraztea eskertuko genioke. Era berean, beraien argazkirik balu, gure eskura jartzea ere eskertuko genioke”. Elkartearekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue: 665 724 752 / 36kogerra@usurbil.eus. Herritar hauen inguruko xehetasunak jaso nahi lituzkete:

-Kosme Yagüez Beristain:
Zubietako maisua zen eta 30 urte zituen hil zutenean. Aita tren-geltokiko arduraduna zuen.

-Jose Galarmendi Balerdi: 
Kalezarko Kaxkoenean bizi zen. 50 urte fusilatu zutenean. Bere familiak alde egin zuen eta bi semeek ere errepublikarren aldeko frontean galdu zuten bizia.

-Romana Zubiria Urruzmendi:
Aginagan jaioa 1891 aldera eta seguru asko Iyarbe Beheko baserrian bizitakoa. Aginagako elizan ezkondu 1923an eta Donostiara joan zen bizitzera. Aita Pedro Ignacio Zubiria Amondarain eta ama Mikaela Urruzmendi Calparsoro zituen.

-Jose Heredero Pineda:
Usurbilen jaioa, bertan ezkondua eta bizitakoa gerora Igeldora joan bazen ere. Aita eta ama Usurbilgo maisu-maestrak ziren. Kasu honetan senideak aurkitu ditugu, baina kalitate handiko argazkirik ez.

Informazio gehiagorako: 665 724 752 / 36kogerra@usurbil.eus.