Usurbil 1936

"Lurpean utzi nahi duten egia azaleratzea dagokigu, ahanzturara kondena ez dezagun"

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 13a, 17:46

Duela 85 urte Usurbilen jazotakoa argitzera dator, orduko egia azaleratzera, larunbaterako antolatu duten "Izan zinetelako gara" ekitaldiarekin, baita urtebetetik gora jorratzen ari diren lanketa bidearekin ere. "Gertatutakoa jakitea beharrezkoa da", adierazi dute, irailaren 18ko ekitaldia aurkezteko antolatzaileek gaur egin duten agerraldian.

"Gure iruditeria historiko eta kolektiboan, Gernika, Durango, Intxorta, Bilbo eta beste hainbat herriren izenak datozkigu, tropa faxisten erasoaldi basatiez eta bortitzez aritzean, baina gutxi dakigu gure herrian, Usurbilen egun horietan izan ziren gerra fronteez, borrokez, gudariez eta faxistek Usurbil hartu ondorengo egoeraz, errepresioaz, horrek eragindako ondorioez, sufrimenduaz...".

Horretara dator, Usurbil 1936 elkartea Udalarekin batera duela urtebetetik jorratzen ari den bidea. "Lan solteak egin izan dira azken urteetan gai honen inguruan baina dimentsio honetan ez. Lan itzela izan da eta herritarren parte hartzea azpimarratu nahiko nuke", adierazi du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 85 urte beteko diren larunbaterako, irailaren 18rako, antolatu duten "Izan zinetelako gara" ekitaldiaren gaurko aurkezpenean.

Inoiz elkartu gabeko herritarrak
Usurbil 1936 elkartea eta Udala egiten ari direnaren erakusleihoa izan nahi du frontoian egingo den omenaldiak. "Lehen aldiz, egindakoa herriari erakutsiko zaio", iragarri dute antolatzaileek. Bolondres askoren ordu askotako auzolana dago irailaren 18ko hitzorduaren prestaketaren atzean. "Inoiz elkartu ez garen jende asko bildu gara, memoria berreskuratzeko", adierazi du Aitor Azurki, Usurbil 1936 elkarteko kideak.

Errepresaliatu, exiliatu, torturatu, kanporatu edota isilaraziak izan zirenak omenduko dira, bereziki fusilatuak", iragarri dute antolatzaileek. "Hau guretzat mugarri bat da, ez ekitaldi soil bat", lanketa prozesu zabalago baten testuinguruan kokatu nahi dutena.

Transmisioaren garrantzia
"Gertatutakoa jakitea beharrezkoa da", adierazi du alkateak, "nondik gatozen jakiteko, erreparatu eta nagusiki berriz ez gertatzeko bermea delako. Hori da gutxienez ondorengo belaunaldiok egin diezaiekegun omenaldi eta aitortza nagusia. Hain zuzen ere hori da larunbat honetako ekitaldiaren funtsa". 

Iragan mendeko Euskal Herriko "gertaerarik latzenen eta traumatikoenak, bortizki eta iraunkorki markatu baitzuen protagonisten, nahiz ondorengo belaunaldien memoria", alkatearen esanetan. Horregatik "lurpean utzi nahi duten egia azaleratzea dagokigu, ahanzturara kondena ez dezagun".

Ezinbestekotzat jo du aipatu egia azaleratu eta hurrengo belaunaldiei helaraztea. Herritarrek osatutako memoria kolektiboa alkatearen esanetan, "izan ere jakin badakigu historia beti idazten duela irabazten duenak eta urte askotan zehar herri honetan gertatutako asko kontatu izan da ikuspuntu horretatik". Horregatik ezinbestekotzat jo ditu beste hainbat herrietan bezala, "Usurbilen egiten ari garen ikerlanaren gisakoak". 

Antolaketa lanetan parte hartzen ari diren bolondresak eskertu ditu Solaberrietak.