Sarek deitutako elkarretaratzea larunbat eguerdian

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 17a, 11:00

Bizi osorako espetxe zigorren aurka eta giza eskubideen alde Arrasaten deitua zuten martxa bertan behera utzi behar izan du Sarek, salatu dutenez egunotan jasaten ari diren "presio izendaezina" tarteko. Horren ordez, herriz herri mobilizazioak deituzte; baita Usurbilen ere. Usurbilgo Sarek elkarretaratzea deitu du larunbat eguerdi honetarako, irailaren 18an, 13:00ean Mikel Laboa plazan.

"Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak-elkarbizitza-konponbidea" aldarripean elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Sarek larunbat eguerdi honetan, 13:00ean Mikel Laboa plazan. Usurbilen bezala, Euskal Herri osoan herriz herri antzeko mobilizazioak egingo dira. 

Deialdi guztiok, Sarek irailaren 18 honetarako Arrasaten antolatua zuen martxa baten ordez iragarri dira. Hain zuzen, udalerri horretako Sare taldeak bertan behera utzi behar izan du giza eskubideen aldeko martxa. "Sarek Arrasaterako deitua zuen martxan bertan behera utzi eta bertan egitekoa zen aldarria EHko plaza guztietara eramatea erabaki du, batzuek nahi duten "konfrontazio egoera" ez elikatzea eta "bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea" aldarria Arrasaten ez ezik, EHko herri guztietara zabaldu asmoz".

Parte hartzera deitzen du Sarek. "Aldarria isilarazi eta espetxe politikan ematen ari diren aldaketak oztopatu asmo dutenei, erantzun diezaiogun herriz herri mobilizatuz".

"Erantzukizunik gabeko jarrerak"
Sarek ostiral goiz honetan egin duen agerraldian harridura agertu du, "arlo politiko, instituzional edo mediatikoan egun hauetan" plazaraturiko jarrerak. "Sektore mediatiko eta politiko batzuetatik, baita instituzional batzuetatik ere, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da, arrazoirik gabeko akusazioetan oinarrituta, eta behin eta berriro esan dute preso jakin bati egin nahi zitzaion omenaldia zela".

Honako hauek, Sareren esanetan,  "erantzukizunik gabeko jarrerak dira, eta indartu egin dituzte espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa –biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino– baliatu dituzten horien jarrerak. SARE sare herritara ez duzue inoiz aurkituko jarrera horietan", adierazi dute.

Sarek gogorarazten duenez, "Giza Eskubideak ezin dira bereizi eta ezin direla batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu".

Herri honek bizi duen une historiako nabarmendu dute. "Arduraz jokatzeaz gainera, etorkizunaren aldeko apustua egitea eskatzen duen unea da. Bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako etorkizunaren aldeko apustua".