Usurbil 1936

Mural margoketarekin ekingo zaio, "Izan zinetelako gara" larunbateko herri omenaldiari

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 17a, 13:46

"Usurbil 1936" elkarteko logoa margotuz abiaraziko dute bihar (irailak 18), arratsaldean ospatuko den "Izan zinetelako gara" herri omenaldia girotzeko eguna. Gogoan izan, 85 urte beteko dira larunbat honetan, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik.

Margotutakoa gero, herrian zintzilikatzeko asmoa dute. Eta arratsaldean, herri omenaldia. “Ekitaldi oso hunkigarria izango da, balioko du ere ikusteko duela 85 urte zer giro zegoen hemen eta zer bizi zuten”. Emozioz beterikoa izango da “Usurbil 1936” elkarteak eta Usurbilgo Udalak larunbaterako, tropa faxistak udalerri honetan sartu zireneko 85. urtemuga egunerako antolatu duten hitzordua.

Fusilatuen senideen parte hartzea
Orain arteko ikerketetan bost fusilatu usurbildarren berri bazuten; orain beste bi batu zaizkie. Tartean, Euskal Herrian gutxi izan arren, emakumezko fusilatu bat; Romana Zubiria Urruzmendi. Senarrarekin batera erahil zuten. Bere seniderik aurkitu du Usurbil 1936 elkarteak. Baita Jose Heredero Pinedaren familiartekoak ere. “Senideak oso hunkituak eta pozik daude, inoiz ez baitiete omenaldirik egin”. Senideak, egitasmo honetako partaideak... Hainbat lagun erakarriko ditu hitzorduak. Ekitaldian zehar, elkartearen logodun kamisetak ere salgai izango dituzte.

Irailak 18, larunbata
10:00 Mural margoketa: “Usurbil 1936” elkarteko logoaren margoketa.
Ondoren, murala herrian zintzilikatzea.
18:00 “Izan zinetelako gara” ekitaldia frontoian:
-Hasiera zazpi suzirirekin, zazpi fusilatuen omenez.
-Ekitaldia: dantza txistulariekin, musika, mintzaldiak, txalaparta, bertsoak, poesia errezitaldia, lore eskaintza eta oroigarri banaketa fusilatuen senideei.
Izen ematea: irailaren 16a baino lehen, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: “Usurbil 1936” elkartea, Usurbilgo Udala.