Hemen Udarregi Ikastolako irakasleek NOAUA!ra helarazi duten idatzia bere osotasunean:
… eta garelako izango dira!
“Izan zinetelako gara”, horrela dio bihar, irailaren 18an, Usurbil 1936 Elkarteak deitu duen herri omenaldirako hautatutako izenburuak. Eta gaurko agerraldiaren bidez, Udarregi ikastolako irakasleok horretan berrestera gatoz. Izan ere, nekez ahaztu baitezakegu, duela 85 urte, asteazken hartan eta ondorengo asteetan, Usurbilen gertatua.
Gernika, Elgeta edota Nafarroako Erriberako herritarrek jasandako tropa faxisten erasoaldi basatiez zerbait jakinagatik, ezer gutxi dakigu 1936ko irailaren 18aren ingurumarian usurbildarrek jasandakoez. Ezer gutxi dakigu, Usurbilen gertatutako borrokez, errepresioaz, sufrimenduaz, torturatuez, alde egin behar izan zutenez, edota fusilatutako usurbildarrez.
Horregatik, gaurkoan, Usurbil 1936 elkartea orduko memoria berreskuratzeko egiten ari den ibilbidea babestu eta bultzatzeko eskua luzatu nahiko genuke. Badakigu heziguneek eta bertako irakasleok funtzio garrantzitsua dugula gertatutakoaren transmisioan, herri honen memoria kolektiboa gure gazteei transmitituz eta horrela, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta gertatua berriz ez gertatzeko eskubidea bermatzeko haziak ereinez. Hemen gaudenok, herriko dinamikekin elkarlanean, horretan sakontzeko lekukoa hartzen dugu beraz.
Bukatzeko, ezin omendu gabe utzi, duela 85 urte, balore demokratiko, errepublikazale eta askatzaileen alde jarduteagatik fusilatutako herritarrak:
● Joxe Mari Furundarena Begiristain
● Bautista Aginaga Otegi
● Patxi Aizpurua Alkorta
● Jose Heredero Pineda
● Romana Zubiria Urruzmendi
● Joxe Galarmendi Balerdi
● Kosme Yaguez Beristain
Bereziki, azken honetan egin nahiko genuke azpimarra, gu bezalaxe, irakaslea baitzen. Iraganean bezala orain, balore berdinak zabaltzeko lanean jarraituko dugu. Hemen gure omenaldia beraientzat eta etorkizuneko belaunaldi berrientzako. Izan zinetelako gara eta garelako izango dira!
2021eko irailaren 17an
Udarregi ikastolako irakasleak