Tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 85 urte beteko dira larunbat honetan. Sare sozialek eragiten duten oihartzunari esker jasotako irudia duzue ondokoa. Ondo begiratu. Garai hartakoa da, ez da Usurbilen ateratakoa, baina herri honekiko lotura zuzena du, atzean dagoen iragarkiari erreparatu besterik ez duzue; "Sidras y chacolis Illarramendi y Cia, Usurbil, Guipuzcoa".
Atzean iragarki hau zutela atera zuten albiste honi atxikitako argazkia, orain arte ezkutuan, Txertoa argitaletxeak plazaratu eta eskuragarri jarri diguna. "Benetan argazki ederra iruditu zitzaigun. Eta, egia esan, guri legionarioak baino deigarriagoak egin zitzaizkigun kamioia eta atzeko propaganda: “Sidras y chacolís [garai batean ‘txanpainak’ ere] Illarramendi”.
Arrasto gehiagoren bila
Une ezin aproposagoa iruditu zaie argazki hau plazaratzeko. "Usurbildarrek herrian frankistak sartu zireneko urteurrena oroituko duten honetan, argazkia plazaratzea erabaki dugu, Igor Urrestarazuren eskuzabaltasunari esker, baten batek irudi honen eta bertan ageri diren elementuen berri zehatzagoa emango digun esperantzan…". Arrasto berrien bila dabiltza beraz.
Argazki hau nondik agertu den ere argitu du Txertoak. "La Verdad Alternativa editatzeko Condor Legioari buruzko argazki bila ari ginela, Igor Urrestarazuk erakutsi zigun hau, legionario aleman baten bilduma pertsonalean aurkitua eta argitaragabea". Bertan ageri direnak nortzuk diren? Hemen xehetasunak. "Argazkian, erdi-erdian, Condorreko bi kide ageri dira, bata eserita eta bestea zutik, betaurrekoak kopetan. Azkenean, ez genuen La Verdad Alternativan argitaratu, beste batzuen aldean ez zitzaigulako behar bezain adierazgarria iruditu".
Orain ordea, Usurbilgo aipatu urteurren historiko honen harira argazkia plazaratzea erabaki dute, argibide gehiago jasoko dituztelakoan. "Dena interesatzen zaigu: testuingurua, argazkia non ateratakoa izan daitekeen (seguruena ez Usurbilen) kamioia, Illarramendi enpresa…".
Albiste honetan zehar aipaturiko "La verdad alternativa: 30 mentiras sobre el bombardeo de Gernika" Xabier Irujo Ametzagaren argitalpena 2017an plazaratu zuen Txertoa argitaletxeak.