Usurbil 1936

Herriko sortzaileek giroturiko herri omenaldia

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 19a, 12:38

Auzolan handia bideratu dute larunbat honetako "Izan zinetelako gara" herri omenaldia ospatu ahal izateko. Horren erakusgarri frontoiko oholtza gainak nahiz antolakuntzak erakarritako herritarren parte hartzea.

Azpiegituren nahiz edukien prestaketa lanetan nahiz hitzordua girotzen, auzolana nagusitu da beste behin "Izan zinetelako gara" herri omenaldian. Tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 85 urte bete diren larunbat honetan, oroimenaren plaza izan da udalerri hau. 

Usurbil 1936 elkarteak Udalarekin batera antolaturiko ekitaldiak 1936an Usurbilen jazotakoa, ezagutu gabeko xehetasunak ezagutzera eman zituzten. Herriko hainbat sortzaileek eskuhartu zuten; Orbeldi Dantza Taldeak aurreskua dantzatu zien omenduei herriko txistularien laguntzaz. Herriko musikari zenbaitek soinu banda jarri zioten omenaldiari; "Usurbil 1936" abestia entzun genuen estreinakoz. 

Ugaitz Agirrek espresuki ekitaldirako sortutako errezitaldiak borobildu zuen ekitaldia. Hasi aldiz, Irastorza aita seme txalapartariek eta herriko adar jotzaile taldeak. Eta lehenago plazatik, antolakuntzak zazpi suziri jaurti zituen; 1936ko gerran fusilatu zituzten usurbildar bakoitzeko bana.

Herritik herriarentzat sortutako beste egitasmo handi baten zenbait irudi segidan.