Zazpi ziren larunbat honetako "Izan zinetelako gara" herri omenaldiko protagonistak; zazpiak usurbildarrak. Bidegabeki erahil zituztenak, duela 85 urte, tropa faxistak Usurbilen sartu ziren garaian. Kosme Yaguez, Joxe Galarmendi, Romana Zubiria, Joxe Mari Furundarena, Bautista Aginaga, Jose Heredero eta Patxi Aizpurua.
Gertuko omenaldi eta aitortza biziki hunkigarria jaso zuten zazpiek, haien ondorengo belaunaldien eskutik. Fusilatuon hainbat senide erakarri baitzituen Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko herri omenaldiak.
Lore eskaintza egin zitzaien, oroigarriak jaso zituzten, eta garrantzitsuena, herriaren aitortza eta berotasuna jaso zuten. Une hunkigarrion zenbait irudi segidan.