Usurbil 1936

Usurbil 1936: "Egin dezagun bidea elkarrekin"

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 19a, 13:10

Orain arte, Usurbilgo oroimen historikoaren aldeko egitasmo honi ekarpenik egin dion herritar ororentzat esker hitzak ahotan, datozen ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu dute Usurbil 1936 bilgunetik.

"Umiltasunetik baina ikusmira urruti jarrita" larunbat honetako herri omenaldiaren ondotik, datozen ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu du Usurbil 1936 oroimen historikoaren aldeko elkarteak. Gudalekuen berreskuratzea, erakusketak, omenaldi gehiago, 36ko gerrak Usurbilen utzitako aztarnari buruzko argitalpen bat... Aurrera begira, egitasmo gehiago ditu Usurbil 1936 elkarteak eskuartean.

Ekimen guztiotan parte hartzeko gonbita luzatu dute aipatu herri bilgunetik, larunbat honetako omenaldian. "Hurrengo hilabeteetan hainbat ekimen garrantzitsu jarriko ditugu martxan, izango da non parte hartu eta zer antolatu. Beraz anima zaitezte, eta egin dezagun bidea elkarrekin, zor zaielako iraganeko, oraingo eta etorkizuneko usurbildarrei. Izan zirelako gara eta garelako izango dira, gora Usurbil eta gora gure memoria!".

Hitz hauekin borobildu du Usurbil 1936 elkarteak, duela ia bi urte hasi baina oraindik orain aurretik jorratzeke duen ibilbide luzea. Orain artekoaren balantzea egiteko baliatu dute larunbat honetako herri omenaldia."1936ko gerrak utzitako oinazeari" buruz falta zen "errelatoa eraikitzeko" ekin zioten lanari, aurretik arlo honetan egina zegoen "lanketaren hariari tiraka". Orain arte jorraturiko bidea "erronka bezain handia" izaten ari da, "izugarria, sakona".

"Gertatu dena ahaztu ez dezaten"
Helburu bikoitzaren bueltan dihardute. "Lehenik, memoria horren lanketatik Usurbilen zer gertatu zen jakin, bigarrenik memoriaren aitortzan eta erreparazioan pausoak ematen jarraitu". 

Proiektua bidelagunak batzen joan da eta etorkizunean "gehiago izango gara ziur". Alde horretatik eskerrak helarazi nahi dizkiete, "proiektu honen alde zuen aletxoa jarri duzuen herritar orori, zuek gabe hau guztia ezinezkoa litzateke eta". 

Boluntario asko batu dira egitasmo honetara, "eta gehiago izango gara ziur. Bakoitzak gogotsu heldu dio bere eginbeharrari, guztiaren gainetik Usurbilgo herriak jasan duenaren inguruan lan egin eta hurrengo belaunaldiek gertatu zena ahaztu ez dezaten".