"Gerrak sortutako isiltasuna, ezin du ahanztura izan, lurpean utzi dutenen egia azaleraztea dagokigu, haiei zor diegu". Ildo horretan, esker hitzak helarazi zizkien alkateak "proiektu hau posible egin duzuen herritarrei, eta nola ez, nire ohore eta eskertza gaur bertaratu zareten senide eta lagunei".
Gogora ekarri nahi izan zuen larunbateko herri omenaldian, hamarkada luzeetan "inposatutako isiltasuna eta gezurra, etengabeko gezurrak". Horrek guztiak, "iraunkorki markatu zuen bai zuzeneko edo zeharkako protagonisten memoria, bai eta beraien ondorengoena eta etorkizuneko belaunaldiena ere, isiltasunaren memoria sortzeraino, inongo aitorpen, erreparazio eta justiziarik gabekoa".
Horren aurrean, oroimenetik haratago doan memoria aldarrikatzen du Usurbilgo alkateak, "herritarrok badugulako egia jakiteko eskubidea". Aurretik arlo honetan egindako lanketan sakontzearekin, Usurbil 1936 elkartearen jardunarekin bat egin eta sustatzeko asmoa adierazi du Solaberrietak, larunbat honetako oroimen ekitaldian. "Belaunaldi berriek gure aiton amonek bizitakoa ezagutzea, historiari eta usurbildarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketei izen abizenak jarri nahi dizkiegu, ikerlan honen oinarrian herritarrak baitaude, izen abizenak duten usurbildarrak. Asko sufritu zutenak eta tamalez ahaztuak egon direnak".
Haiei guztiei, "une zailenetan gure herriaren alde hartutako konpromisoa aitortu nahi dugu. Konpromiso horiek hartzeagatik, gerora, orain eta etorkizunean ere gure herriaren alde lan egiteko eta herriarekin konpromisoak hartzen dituen herritarrak ditugulako. Izan zirelako gara eta garelako izango dira".
Emakumeek pairatutakoa ere argitara
1936ko gerran fusilatu zituzten zazpi usurbildarren izen abizenak adieraztearekin batera, "herritik ihesi joan behar izan zuten hamarnaka usurbildarrak, gerra frontean hildakoak, atxilotuak, zigortuak, torturatuak, erbesteratuak, zaurituak, konfiskatuak edo mobilizatuak izan ziren hamarnaka eta hamarnaka herritar" gogoan hartu zituen. "Tartean Dolores Uranga, Joseba Torregarai, Gregoria Lizarralde, Juana Eizagirre eta Joseba Galarmendi".
Gizonezkoek soilik ez, emakumeek pairatutakoa ere argitara ateratzeko beharra nabarmendu zuen. "Gerra ez baitzen gizonen kontua izan bakarrik, emakumeek ere modu ezberdinetan pairatu baitzuten gerraren eragina eta gerrak ekarritako izua eta sufrimendua, gehienetan isilik, bakarrik eta ama, emazte edo alaba gisa frankistek estigmatizatuta, lotsaraziak edota baztertuak".
Giza eskubideen urraketei buruzko azterlana
Ildo horretatik, azterlan bat egin asmo dute, "hamarkada luze hauetan gure herrian izan diren giza eskubideen urraketa guztiena", alkatearen esanetan, "izan ere etorkizuna oinarri sendoekin eraikitzeko gure aiton amonen memoria historikoa zein gertuagoko memoria berreskuratea eta ezagutaraztea dagokigu, sufritu dutenen mina aitortu" eta erreparatzeko. "Hor ere ezin dugu isiltasunik onartu", zioen alkateak.
Etorkizunera begira, "gertatukoa ezagutzeak eta bestearen memoria onartu, ulertu eta sentitzeak pisu garrantzitsua izan beharko du belaunaldi berrientzat, nagusiki berriz ez gertatzea bermatzeko. Ez dut dudarik, demokrazia eraikitzen duela memoriak eta memoria ez dela bakearen etsaia, aliatua baizik".