Zaintza ereduari buruzko parte hartze prozesua martxan berriz gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 20a, 10:39

Zaintza ereduari buruzko parte hartze prozesuko talde eragileak udaberrian egindako bilkuretako bat. Argazkiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Udako etenaldiaren ostean, astelehen honetan (irailak 20) bilduko da berriz, zaintzari lotutako parte hartze prozesuaren bueltan udaberrian osatu zen talde eragilea.

Honako hau hirugarren bilkura izango dute. Maiatzean elkartu ziren estreinakoz Potxoenean, ekainean bigarrenez eta udako etenaldiaren ostean, bueltan berriz bilduko dira zaintza ereduaren inguruko parte-hartze prozesua eragiten ari den taldeko kideak. Astelehen honetan, irailaren 20an izango da. "Zaintzaren ertz guztiak ordezkatuko dituen talde eragilea osatu zuten udaberrian, eta hori da prozesuaren mamia lantzen ari dena", berri eman dute Usurbilgo Udaletik. 

Gaurkoa "hirugarren bilera izango dute: aurreko bi bileretako aktak Usurbilgo Udalaren webgunean deskargatu eta irakur daitezke, baita ekarpenak egin ere, formulario baten bidez, parte-hartze prozesurako propio sortutako orrialdean". 

Talde eragileko kide dira, "zaintzaile profesionalak (zentroetan zein etxe partikularretan lan egiten dutenak), familiako zaintzaileak, zaintza lanetara dedikatzen diren enpresak, Usurbilgo komunitatearen ordezkariak, zaintza zerbitzuetako erabiltzaileak, Emagin taldea (prozesuan ikuspegi feminista bermatzeko) eta erakundeetako ordezkariak (udal ordezkari tekniko zein politikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Matiakoak)".

Talde hau bideratzen ari den lanketaz gain, Udaletik iragarri dutenez, "bestelako foroak ere deituko dituzte, jende gehiagok parte hartzeko".