Usurbilkultura.eus

Herri lurrei buruzko Anerrekaren hitzaldian izena emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 21a, 07:51

Jendaurreko hondakinen karakterizazioa eta herri lurren gaia jorratuko duen hitzaldia iragarri du Anerreka ingurumen elkarteak aste honetarako. Herri lurrei buruzko saiorako izena emateko azken eguna duzue gaurkoa, irailaren 21a.

Andatza inguruetan herri lur anitz du Usurbilek. Oraingoan, Itsasoko esperientzia ezagutzeko aukera izango da, udalerri hartako alkate, biologo eta botanikari Iñaki Aizpururen eskutik. “Ahal den neurrian”, nekazaritzarako erabiltzen ez diren lurzoruen kudeaketak publikoa behar lukeela izan irizten dio.

Ildo horretan ari da lanean Itsasondoko Udala. “Partikularrek behar ez zituzten lursailak erosteari ekin zion Itsasondoko udalak, eta gaur egun 100 ha-ren jabe da, batez ere Murumendi aldean”.

2007an bertako natura ezagutu eta ondarea babesteko hainbat lanen artean hasi zen aipatu erosketak bideratzen, “beti ere baso autoktonoa berreskuratzeko, landa eremua kontserbatzeko eta ibaia eta ibar-basoak babesteko eta berreskuratzeko asmoz”.

Udalerri hartako esperientzia ekarriko du Aizpuruk Anerrekaren eskutik, ostegun honetan, irailaren 23an Sutegira.  Izena emateko azken eguna duzue gaurkoa, hilaren 21a usurbilkultura.eus plataforman.

Hondakinen karakterizazioa, zuzenean
%90aren bueltako gaikako bilketa du Usurbilek. Aldiz, "gure erronka Zero Zabor izan behar du, errefusa 0 izatea, zaborrik ez sortzea", Anerreka ingurumen elkartetik diotenez. Begi bistakoa da beraz, oraindik hobetzeko tartea egon litekeela hondakinen kudeaketari dagokionean. Baina "nola hobetu daukagun kudeaketa?" galdetzen dute ingurumen elkartetik. 

Horri erantzuteko antolatu dute larunbat honetako, irailaren 25eko ekitaldia; "neurtu dezagun daukagun bilketak ematen digun kalitatea. Neurketak erakutsiko digu zertan daukagun hobetu beharra", ohartarazi dute Anerrekatik. "Usurbilgo industria eta komertzioetan biltzen den hondakin errefusaren karakterizazio publikoa" egingo dute. Zehazki hondakin hauek biltzen dituen edukiontzi batena. "Azken urteotan, Gipuzkoako hainbat herritan eta Donostian, halako lanak egiten eskarmentua hartu duen jende baten laguntzarekin kontatuko dugu. Lanketaren ondoren emaitza publiko egingo da".

Ingurumen elkartetik gogorarazten dutenez, industria nahiz komertzioak dira "errefusa gehien sortzen duen iturria. Guztiaren %60 edo gehiago suposatzen du Usurbilgo kasuan", etxeetan nahiz kale garbiketan biltzen dena baino gehiago.


ANERREKA INGURUMEN ELKARTEAREN HITZORDUAK
Irailak 23, osteguna
18:30 Hitzaldia Sutegin: "Herriarentzako lurrak eskuratzearen onura. Itsasondoko esperientzia".
Izen ematea: irailaren 21a baino lehen, usurbilkultura.eus plataforman.

Irailak 25, larunbata
12:00 "Usurbilgo industria eta komertzioetan biltzen den hondakin errefusaren karakterizazio publikoa" Dema plazan.

Antolatzailea: Anerreka ingurumen elkartea.