Hobarien eskaintza nabarmen zabalduko dute 2022ko ordenantza fiskalek

2022rako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du udal gobernu taldeak ostegun honetan. Berrikuntza sakon batekin; hobarien eskaintza nabarmen zabaldu dute, usurbildarrek zerbitzu publikoetarako duten sarbidea erraztu eta herritar guztien aukera berdintasuna bermatzeko. 

Udazkenarekin, "zerga politika arautzeko" garaia da Usurbilgo Udalarentzat. Astebete barru, irailaren 30ean izango den udalbatzarrera eramango du gaia udal gobernu taldeak hasieraz onartzeko. Alegazio epea dator gero eta urte amaieran behin betiko onartuko dituzte. Ostegun goiz honetan aurkeztu dute gai honi lotutako proposamena Ogasun Batzordean lehenik, eta prentsaurreko bidez hedabideen aurrean eguerdi partean Potxoenean. 

Berrikuntza sakon bat dakarte, 2022ra begira onartu eta indarrean jarri asmo dituzten udal zergek, tasek eta prezio publikoek. "Jauzi bat egin nahi du Udalak, horretarako ditugun tresnak baliatuz", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, gai honi buruzko gaurko prentsaurrekoan. Gai honi dagokionean, legealdi honetako "aldaketarik sakonena" dela aipatu du.  "Udalerri mailako aberastasuna birbanatzea", horixe du helburu Udalak. Bestela esanda, "gehiago irabazten dutenek gehiago ordaintzea, gutxiago irabazten dutenek gutxiago ordaindu ahal izateko".

Hobari gehiago, aukera berdintasuna bermatzeko
Hortxe udal gobernu taldeak ostegun honetan Potxoenean iragarritako berrikuntza nagusia; justizia sozialerantz, hobarien eskaintza nabarmen zabalduko du 2022ra begira. Orain arte, ur eta hondakinen tasetarako eska zitezkeen hobariak, baita Oiardo Kiroldegiko abonuetarako ere. Datorren urtetik aurrera ordea, baita "estolderia zerbitzuetarako, hileta zerbitzuetarako, baratzen erabilera tasarako, kirol instalazioetako zerbitzuetarako (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetarako), Haur Eskola zerbitzurako eta Udajolaserako".

Helburu argi batekin; "usurbildar guztien aukera berdintasuna bermatzea", herritarrei eskainitako udal zerbitzu eta eskaintza publiko guztietarako sarbidea erraztea bermatzeko, "edozein izanda ere haien errenta maila". 

Gai honi buruzko ordenantza berri bat landu du EHBilduk; "arautegi propioa, herritarrek argiago izateko non eta zertan eska ditzaketen hobariak".

Kolektibo zaurgarrienak babestea helburu
Dirudienez covid19ak eragindako osasun krisialdia hoberantz doa, baina gaurkoz "ezohiko egoeran gaude eta horrek ezohiko neurri eta erabakiak hartzen jarraitzea eskatzen digu". Legealdi osoan bezala; 2019an udal gobernu talde gisa lanean hasi eta gutxira, KPI-a igotzea erabaki zuten, "aurrez zegoena bere horretan utzita". Iaz, pandemia betean, aurtengorako zergak, tasak eta prezio publikoak "izoztea" erabaki zuten, covid19ak eragin eta baldintzatutako "ingurune zail, ziurgabe eta ezegonkorrean". Horrekin batera, alarma egoerak iraun artean "zergen ordainketa atzeratzea" edota herritar eta enpresei eskaini baina erabili gabeko zerbitzuengatik zegokien tasa ez kobratzea erabaki zuten. Pandemia hasieratik "pertsonak jarri ditugu erdigunean, kolektibo zaurgarrienak bereziki", aurretik zeuden beste hainbat krisi ageriagoan jarri ostean, eta haiek guztiak lagundu asmoz.

2021eko udal aurrekontuak ere horren isla direla nabarmendu dute baita udal gobernu taldetik; hainbat diru-laguntza deialdi plazaratu ditu Udalak aurten, besteak beste, etxebizitzen alokairurako, merkataritza jarduera berrien inbertsioetarako edota kultur sorkuntzarako.