2022rako ordenantza fiskalak zenbakitan

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 23a, 14:54

Zenbakitan ere zehaztu du udal gobernu taldeak ostegun honetan aurkeztu dituen 2022rako ordenantza fiskalak.

Batetik urte berrirako KPIa %3raino, "izugarri igo da", ohartarazi dute, "argindar edo erregaien garestitzeak eraginda". Ezohiko faktoreok tarteko egongo ez balira, "azpiko inflazioa %1,5ekoa litzateke" eta horixe da hain zuzen, ordenantza fiskal berriei aplikatuko dietena orohar. 

Salbuespen pare batekin; kirol zerbitzuen tasak %0,9an igoko dituzte Buruntzaldeko udalen artean hala adostu delako. Eta bestetik, hondakinen tasa legoke. Tasa honek bi zati ditu; bat finkoa, bestea aldakorra. Finkoa, urtero 86,04 eurotik 94,6ra igoko da. Erreusari eragiten dion zati aldakorra, kuboko euro batetik 1,5 eurora. 

%90era arteko hobariak
Zalantza izpirik gabe ordea, datorren urteko ordenantza fiskaletako berrikuntza nagusia, hobarietan aurki dezakegu. Hobari gehiago izango baitira, herritar gehiagorentzat. "Orain arte ez dira asko izan hobariak eskatzen zutenak", zioen Beñat Larrañaga zinegotziak Potxoeneako agerraldian. Baina etorkizunean nabarmen hazi liteke eskatzaile kopurua. 

Eta nabariko da poltsikoetan. Haur Eskolako erabiltzaileen kasuan esaterako, hilero 300 euro ordaintzetik tasa horri %90era arteko hobaria aplikatzeko aukera egongo da, errenta mailaren arabera. Hobariak %50-90 artekoak izango dira; ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetarako), Haur Eskola zerbitzuetarako eta Udajolaserako" eskatu ahalko dira.

Onuradunak, 4.000 herritar baino gehiago
Udalak, Gipuzkoako Foru Ogasunetik jaso ahal izan dituen datuen arabera, 2020ko errenta kanpainaren baitan, 3.245 aitorpen aurkeztu zituzten usurbildarrek. 2.035etik gora aitorpen horien egileek hobariak jasotzeko baldintza ekonomikoak betetzen dituzte. "Aitorpen bakoitzaren atzean, bataz beste bi herritar daudenez, hobarien onura jaso dezaketen herritarrak 4.000tik gora izan daitezkeela" kalkulatzen du Udalak. "Datu honek erakusten du hartuko dugun erabakiaren dimentsioa eta eragin soziala". 

Onuradunen artean gazteak, RGI-a kobratzen dutenak, pentsiodunak edota herrira bizitzera etorritakoak izan daitezke. "Usurbilen erroldatua dauden guztiek izango dute hobarietarako eskubidea", ohartarazi dute udal gobernu taldetik. Eskariak nabarmen igo daitezkeela aurreikusten dutenez, giza-baliabideak indartu ditzakete. Etorkizunean gainera, neurrion balantze eta ebaluazioa egingo dute, "neurriok bere horretan mantendu edo ez erabakitzeko". 

Kokapen indizea eta hondakinen tasa
Hobariok finantzatzeko, jarduera ekonomikoaren zerga ordaintzen dutenei kokapen indizea aplikatuko zaie. Herrigunean daudenek %20 gutxiago (1etik 0,8ra murriztuz) eta industriaguneetan kokatutakoek %20 gehiago (1etik 1,2ra igoera) ordaindu beharko dute.

Bestalde, udal zerbitzuen kostu eta sarrerei buruzko azterketa ekonomikoa egin du Udalak. Gastu eta sarreren arteko oreka %80tik gorakoa izatea dute erronka. Ur-horniduraren kasuan diru-sarrerak gastuen %98,92koak dira, estolderiaren kasuan %83,30ekoak. Hondakinen kasuan, "desoreka nabarmena" dago gastuen eta sarreren artean. Orekatzeko denbora beharko dela jakitun, norabide horretan erabaki dute tasa igotzea, egun gaikako bilketa %87ra igotzea ahalbidetu duen atez ateko bilketa martxan jarri zutenetik lehen aldiz. Hala, errefusa hilero ateratzen duen etxe baten kasuan 98,04 eurotik 112,64ra igoko da urteko tasa 2022an. Halere, "inguruko herriekin alderatuta, tasa baxuenetarikoa izaten jarraituko dugu". Orion, Zarautzen eta Aian 160,22 eurokoa da tasa, 101,65ekoa Lasarte-Orian, 106 eurokoa Hernanin, Oiartzunen 111 eurokoa eta "aurreikustekoa da herri guztietan planteatuko dituztela igoerak" urte berrira begira. 



2022rako ORDENANTZA FISKALEN PROPOSAMENA
Onarpen prozesua:
-Irailak 23: proposamenaren aurkezpena Ogasun Batzordean eta prentsaurreko bidez.
-Irailak 30: hasieraz onartzea udalbatzarrean.
-Segidan, alegazio epea eta urte amaieran behin betiko onarpena. Behin betiko erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, indarrean jarriko dituzte.

Zenbakitan
Irizpide orokorra: %1,5eko igoera (KPIaren %3ko igoeraren azpitik). 
Salbuespenak: kirol zerbitzuetako tasak eta abonuak %0,9 igotzea, Buruntzaldeko udalen batzordeak hala erabaki ostean; eta hondakinen tasak (zati finkoan urteko 8,56 euroko igoera; errefusaren bilketari eragiten dion zati aldakorra, kubo bakoitzeko 0,5 euro gehiago ordaintzea; 1,5 euro, euro bakarraren ordez).
Hobariak: %50-%90 artekoak, ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetan), Haur Eskola zerbitzuetan eta Udajolasen".

Balizko onuradunak: 2020ko errenta aitorpenaren kanpainako datuak kontuan izanda:
661 aitorpen: 12.043 diru-sarreren azpitik.
640 aitorpen: 12.043-18.931 euro arteko diru-sarrerak.
734 aitorpen: 18.931-26.093 euro arteko diru-sarrerak.
675 aitorpen: 26.093 -35.400 euro arteko diru-sarrerak.
535 aitorpen: 35.400 eurotik gorako diru-sarrerak.

Baldintza ekonomikoak beteko lituzketen aitorpenak: 2.035etik gora, eta 4.000tik gora herritar.


Bizikidetza unitatea osatzen duten lagunak Hobariak
  %90 %75 %50
1

<14.630

14.630 - 16.625

16.625 – 19.950

2

<19.152

19.152 - 21.679

21.679 – 26.068

3

<20.881

20.881 - 23.807

23.807 – 28.595

4 edo gehiago

<22.477

22.477 - 25.802

25.802 – 30.723