Itsasondoko basolurren kudeaketaren esperientzia jomugan

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 09:09

Ostegun arratsaldean Anerreka Ingurumen Elkarteak gonbidatuta, Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak hitzaldia eskaini zuen erabilerarik gabeko lurzoru pribatuekin Itsasondoko Udalak 2007an martxan jarritako ekimenari buruzko azalpenak emateko. Dozena pare bat pertsona hurbildu ziren hitzaldira.

Euskal Herriko txoko askotan ohikoa izaten da lursailak oinordetzan etorrita edota erosi eta gerora erabilerarik eman gabe, pertsonak jabetzan dituen lursailetatik etekinik ez ateratzea. Lurra lantzea geroz eta ezohikoago bilakatzen ari den honetan, Itsasondoko Udalak eskuartzea hasi zuen natura ondarea ezagutu eta babestu ahal izateko. Bertako basoak berreskuratu, landa eremuaren kontserbazioan lan egin eta ibai zein basoak babesteko, herritarrek erabiltzen ez dituzten jabetzak erosteari ekin zion Udalak duela 14 urte, eta egun, 100 HAren jabe da. Konparaketa modura, gisa horretako basolur kopuruan 30 HA inguru ditu Usurbilgo Udalak. 

 

Itsasondoko esperientziak ingurumenean izan duen eragina nabarmena izan da azken urteetako datuak ikusita, eta udaletxe askok erakutsi dute interesa proiektuarekiko. Inguruko herri txiki batzuetan, esperientzia martxan jarri dute.