Azken ostiraleko mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 10:29

"Etxerako, elkarbizitzarako, bakerako" bidea izaten eta jorratzen segitzeko deia egin du Usurbilgo Sarek. Hilero moduan, iraileko azken ostirala gaur, hilak 24. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Gogoan izan, azkenekoz aurreko larunbaterako deitu zuen azken mobilizazioa. Sarek Arrasaten deitua zuen martxaren inguruan gertatutakoa salatu zuten, Euskal Herri luze zabalean, baita Usurbilen ere irailaren 18an. "Duela aste batzuetatik hona, Sare Herritarrak, eta zehazki, Arrasaten arlo horretan lan egiten duten pertsonek presio izendaezina jasan dute", zioten aipatu Gipuzkoako udalerrian antolatua zuten martxaren harira.  Deitzaileen esanetan, "hainbat hedabide, alderdi politiko eta baita instituzioetatik ere erantzukizunik gabeko jarrerak hartu dituzte. Honela, espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrera indartu dela salatu nahi dugu".

Haiei zuzenduta Sarek adierazi zuenez, "indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi izan dituzten horiei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi. Ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk mespretxatu". 

Horregatik, martxa hura bertan behera utzi eta horren ordez, bizi osorako espetxe zigorren aurkako aldarria, giza eskubideak, elkarbizitza eta presoen auziari behingoz konponbidea ematea defendatzea zuena, Euskal Herri osora zabaltzea erabaki zuen Sarek. Tartean, Usurbilen Mikel Laboa plazan elkarretaratzean batu ziren hainbat herritar pasa den larunbatean.

"Sarek ez dio utziko inoiz pertsona guztien giza eskubideak defendatzeari" 
Sarek gogorarazi zuenez, "7/2003 legeak, euskal presoei bereziki aplikatzeko sortua, bizi osorako kartzela-zigorrak ahalbidetzen ditu. Hala da, finean, espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden 15 preso ingururen egoera. Kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira". 

7/2003 legeak, euskal presoek eta haien senideek pairatzen duten salbuespenezko espetxe legediaren isla argia dela gaineratu zuen Sarek, "urteak daramagu berau salatzen eta legedi arrunta aplikatzea eskatzen euskal presoen eskubidea dela aldarrikatuz. Oraingoan ere, horretan ari gara. Ez dugu bizi osorako zigorrik onartuko eta bere burua demokratikotzat izendatzen duen Estatu eta jendarte batek ere, ez luke halakorik onartu beharko. 7/2003 aplikatuz zigorra luzatu dieten euskal presoak, legez, kalean behar lukete, eta ez dugu hori aldarrikatzeari utziko".

Ezta oro har giza eskubideen defentsari ere. "Sarek ez dio utziko inoiz pertsona guztien giza eskubideak defendatzeari eta haien alde mobilizatzeari. Erabat bateragarriak dira biktimekiko gure errespetua eta giza eskubideen edozein urraketaren aurrean egiten dugun salaketa. Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina biktimei min hadiagoa eragiten diela dioen argudio faltsua erabilita". 

Bizikidetzan sakontzeko deia
Testuinguru honetan, herri honek bizi duen une historikoa gogorarazi eta arduraz jokatzeko deia egin zuen Sarek. "Etorkizunaren aldeko apustua egitea eskatzen duen unea da. Bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako etorkizunaren aldeko apustua".

Horretarako ezinbestekotzat jotzen du Sarek, "elkar ulertzeko espazioak" bilatzea. Bizikidetzan sakontzeko ahalegina guztioi dagokigula diote.