Merkataritza eta industria arloetako hondakinen karakterizazioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 09:32

Anerreka ingurumen elkarteak antolatuta, Usurbilgo merkataritza eta industria arloetako hondakinen karakterizazioa ikusi eta zertan hobetu daitekeen ezagutzeko aukera izango da larunbat eguerdian Dema plazan.

%90aren bueltako gaikako bilketa du Usurbilek. Aldiz, "gure erronka Zero Zabor izan behar du, errefusa 0 izatea, zaborrik ez sortzea", Anerreka ingurumen elkartetik diotenez. Begi bistakoa da beraz, oraindik hobetzeko tartea egon litekeela hondakinen kudeaketari dagokionean. Baina "nola hobetu daukagun kudeaketa?" galdetzen dute ingurumen elkartetik. 

Horri erantzuteko antolatu dute irailaren 25eko ekitaldia; "neurtu dezagun daukagun bilketak ematen digun kalitatea. Neurketak erakutsiko digu zertan daukagun hobetu beharra", ohartarazi dute Anerrekatik. "Usurbilgo industria eta komertzioetan biltzen den hondakin errefusaren karakterizazio publikoa" egingo dute. Zehazki hondakin hauek biltzen dituen edukiontzi batena. "Azken urteotan, Gipuzkoako hainbat herritan eta Donostian, halako lanak egiten eskarmentua hartu duen jende baten laguntzarekin kontatuko dugu. Lanketaren ondoren emaitza publiko egingo da".

Ingurumen elkartetik gogorarazten dutenez, industria nahiz komertzioak dira "errefusa gehien sortzen duen iturria. Guztiaren %60 edo gehiago suposatzen du Usurbilgo kasuan", etxeetan nahiz kale garbiketan biltzen dena baino gehiago.


ANERREKA INGURUMEN ELKARTEAREN HITZORDUAK
Irailak 25, larunbata
12:00 "Usurbilgo industria eta komertzioetan biltzen den hondakin errefusaren karakterizazio publikoa" Dema plazan.

Antolatzailea: Anerreka ingurumen elkartea.