Covid19ak eragindako pandemia betean, etxetik irten ezinik, konfinatuta ginela zendu zen Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra, 2020ko apirilean. Egun haietan lore eskaintza, eta lehen agur ekitaldi bat egin zion Udalak frontoi atzean artista ezagunak sortutako muralaren parean. Orain, bere familiak "Zumeta in memoriam" ekimena antolatu dio urriaren 2rako, larunbata, gune berean. "Usurbilgo frontoian hark egindako muralaren magalean gogoratuko dute artista gertukoenen hitzekin, besteak beste", iragarri dute.
Hitzordua, urriaren 2an, eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazan, Zumetaren muralaren parean. Ekitaldirako izena, oraindik ez, baina aurrez bideratu beharko da usurbilkultura.eus plataforman.
Zumetaren lanak, Jaurlaritzak Artium Museoari utzitakoen artean
Omenaldi honen bezperetan, Jose Luis Zumeta albiste dugu baita beste kontu batengatik. Eusko Jaurlaritza EAE-ko Administrazio Orokorraren jabetzakoak diren 101 artelan uztekoa da Artium Arte Garaikideko Museoaren Fundazioari. "Obra gehienak Gure Artea Lehiaketaren bidez eskuratu ziren, 1982 eta 1995 artean". Museoak eta Jaurlaritzak esleipen hau bideratzeko adostu duten hitzarmena aurkeztu dute azken egunotan.
101 artelan horien atzean, sortzaile ezagun asko daude; tartean Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra. Baita, "Dario Urzay, Cristina Iglesias, Gema Intxausti, Gabriel Ramos Uranga, Prudencio Irazabal, Azucena Vieites, Jesus Mari Lazkano, Itziar Okariz edo Marisa Fernandez bezalako artisten lanak". 37 artelan jada museoan bertan zeuden, beste 10 iaz heldu ziren, gainerako 54ak laster jasoko ditu Artium Museoaren Bildumak, Eusko Jaurlaritzak berri eman duenez.
"Hitzarmen honen bitartez Artium Fundazioak artelanak gorde, kontserbatu, digitalizatu, aztertu eta zabaltzeko ardura hartuko du. Horrez gain, tratamendu tekniko egokia emango die artelanei eta hala badagokio irizpide zientifikoekin erakusteko aukera ere izango du, beti ere, kontserbazio eta segurtasun baldintza egokietan".