Zapategiko proiektua garatzeko adostasuna erdietsi dute eragile inplikatuek

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 14:16

Usurbilgo Udalak, Michelin-ek, Gureak-ek, eta Elkar-en ordezko bidelagun berriak, Balfer inbertsoreak Zapategiko proiektu sozioekonomikoa garatzeko hirigintza hitzarmena adostu dute. Ostiral honetan eskaini dituzte xehetasunak.

Kinka larrian egon arren, eta covid19ak eragindako pandemiagatik testuinguru soziekonomiko zailean gainera, proiektua bideratzea lortu dute. Horren argazkia da ostiral goiz honetan atera ahal izan duguna. Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea, Gureak-eko zuzendari orokor Asier Vitoria, Balfer Norte Sl-ko arkitekto Blanca Balda eta Michelin Lasarte-Usurbil lantegiko zuzendari David Udakiola dituzue. 

Lau eragileon eskutik garatuko dute egun Michelin ondoan den Zapategi eremua. Dakizuenez duela hiru urte, 2018ko urrian hirigintza hitzarmen bat adostu zuten, orduko hartan egitasmo honetan eskuhartzera zihoazen Usurbilgo Udalak, Michelinek eta lantegi honen ondora etortzekoak ziren Gureak-ek eta Elkar-ek. Covid19ak eragindako pandemiak bizimodua eta testuinguru sozioekonomikoa goitik behera aldatu eta kolpatu ostean, ezinbestean proiektutik aldendu behar izan zuen Elkarrek. 

Aipatu moduan, kolokan jarri zuen Zapategiko proiektua, baina hilabeteotan Udala berri ematen joan den moduan, lanean segi eta bidelagun berria aurkitu dute; Balfer inbertsorea, egun Andoain sarreran dagoen industriagunea garatzen ari den inbertsorea. Balfer, Udala, Gureak eta Michelinen arteko lankidetza ibilbide oparoa jorratzen ari da. Ostiral honetan, lau eragileotako ordezkariek Zumarte Musika Eskola berriko ganbaran egin duten agerraldian, hirigintza hitzarmena adostu dutela berri eman eta Zapategira dakarten proiektu sozioekonomikoaren xehetasunak aurkeztu dituzte.

"Ekonomikoki bideragarria egin zezakeen antolamendu bat adostu dugu"
"Hemen gauden lau erakundeok Michelin alboko Zapategi eremua industrialki garatzeko adostasuna lortu dugu", adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Alkatearen esanetan, "albiste ona da Usurbilentzat, eskualdearentzat eta Gipuzkoarentzat". Are gehiago bizi dugun "ziurgabetasun eta krisi garaiotan".

Proiektu honi esker, "eremu degradatu bat oso modu duinean eraberritzeko apustu bat egin dugu, hirigintza modernoaren eta jasangarriaren irizpideak aplikatuz". Proiektua berdefinitu eta "egoera berrira" egokitu dute; "ekonomikoki bideragarria egin zezakeen antolamendu bat adostu dugu", alkateak zioenez, "ikuskera publikoa eta enpresen beharrak koordinatuz". Aste gutxiko tartean, hitzarmena adostea ahalbidetu duen egitasmoko eragileen "jarrera positibo eta aktiboa" txalotu du alkateak.

Gureak-i eskerrak helarazi dizkio Zapategin geratzeko hautua egin izanagatik, baita Elkarren ordezkoa aurkitzeko egin duen ahalegin itzelagatik ere. Ezinbestean, covid19ak eragindako zailtasun sozioekonomikoek inbertsio txikiagoko planteamendua egitera eta Zapategiko proiektutik at geratzera behar zuen Elkar. "Bide oparoa" izatea adierazi dio Solaberrietak argitaletxeari.

"Kolpe latza" izan zen oroitzen zuenez, Zapategiko proiektua "kinka larrian" uzteraino, "testuinguru lantzak behartuta" Elkarrek Zapategira ez Adunara joateko erabakia hartu izana. Baina ordura arte bezala, hilabeteotan nagusitu den "elkarrekin aritzeko prestutasuna eta konpromisoa" nabarmendu du Solaberrietak. "Ez dut dudarik lan egiteko modu horrek ahalbidetu duela hain epe gutxian egoera hau iraultzea, eta adostasunetara heldu ahal izatea".

Lankidetza hitzarmen berriak, gogorarazi duenez, 2018ko urriaren 17an, Gureak-ek, Elkar-ek, Udalak eta Michelinek sinaturikoa "indargabetu eta ordezkatzen du".

Elektronikako "poloa"
2018ko udazkenean sinatu zuten lankidetza hitzarmena Elkarrekin, Udalarekin eta Michelinekin. Pandemiak Elkar egitasmotik irtetea eragin du. Gureak-i ere Zapategi ez zen beste leku batzuetara joateko aukera sortu zitzaion. "Baloratu genituen", zioen gaur bere zuzendari orokor Asier Vitoriak. Baina langileen irisgarritasun irizpidea zen lehenesten dutena, haien bitartekoez joan ahal izatea lantegira eta ikuspegi horretatik "Zapategik herrigunetik gertu egon eta garraio publikoarekin oso lotura egokiak ditu". Irizpide garrantzitsuena da, "gure langileen enplegagarritasuna bermatzen baitu". 

Zapategin geratzea erabakita, bertan garatu nahi duen etorkizuneko proiektuaren xehetasunak eskaini ditu Vitoriak. Hasieran, Lasarte-Oriako lan gunea kokatu nahi zuten Zapategin, baina "gerora erantsi diogu proiektuaren garapenean", elektronikako "polo" bat sortzeko aukera. Modu horretan, Gipuzkoan zehar sabakanatuak dituen sektore horretako jarduera Zapategin bateratuko du. "Datozen urteetan elektronikak sektore ezberdinetan garapen handia izango duela iruditzen zaigu eta jarduerok Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonentzat enplegu duina eskaini dezakeela".

Balfer, Elkar-en ordezkoa
40 urteko ibilbidea du eraikuntza eta sustapen lanetan. Balfer Norte SL inbertsorea Gureak-ekin batera Michelin ondoan kokatuko da. Elkarrek utziko lekua hartuko du, "partzelako hirigintza eskubideak" bereganatu ostean. Egitasmo honetako partaide diren gainerako eragileekin eginiko negoziazioen emaitza dela adierazi du aipatu inbertsore honetako arkitekto Blanca Baldak. "Proiektu oso interesgarria iruditzen zaigu", gaineratu du Andoaingo Illarramendi industriagunea garatzeaz arduratu den enpresako ordezkariak. Zapategin bere jarduera kokatzea izan dezaketen enpresak erakartzen, eta beraz, "partzelaren garapenean lan egingo dugu", iragarri du.

Eremu industriala sendotu eta lanpostu berriak sustatzea
"Bizilagun" berriak ongi etorria emanez hartu ditu Michelingo zuzendari David Udakiolak, proiektu honetan bidelagun dituenei egindako lanagatik eskertzearekin batera. Lantegi honen helburua, Zapategiko eremuaren izaera industrialari eutsi eta lanpostu berriak sortzea dela nabarmendu du. Fundazioak urteak daramatza Gipuzkoako enpresen sarea indartzen; 100 lantegi baino gehiago lagundu eta "1.000 lanpostu sortzea ahalbidetu da". Pandemia tarteko, "garai zaila" da honakoa zioenez, egoera berrira moldatu behar izan dutela, baina "proiektu hau aurrera aterako den konfiantza dugu". Zapategiko egitasmoak bat egingo du bultzatu nahian dabiltzan lanketarekin; eremu industriala berreskuratu eta lanpostu berriak sortzeko ahaleginarekin alegia.