"Hau ez da bukatu, badugu zer hobetu" zioen, Anerreka ingurumen elkarteak larunbat eguerdi honetan Dema plazan antolatu duen ekitaldiko aldarriak. Usurbilgo merkataritza eta industria jardueretako hondakinen lagin bat ekarri dute plazaraino, karakterizaziorako. Errefus gisa bildutakoa, plazaratu, eta errefus horretan birziklagarria den gairik ba ote den aztertu nahi zuten. Emaitza, baiezko borobila da.
Zereginotan aldez aurreko esperientzia duten bolondresen laguntza jaso dute Anerrekako kideek. Errefus ontzi bateko edukia aztertu dute, hondakinak bereizi eta bai, zati birziklaezina den horretan ere bada bestelako gairik ere era nahasian bilduta. Segidan dituzue zenbakiak. 51,8 kilo hondakin aztertu dituzte. Ia %30a, 15,5 kg errefusa izan da. Baina adi, papera, organikoa eta ontziak ere baziren tartean; guztira errefusaren %33,4. "Bestelako" hondakin gisa sailkatu dituzte, beste 19 kilo, %36,7a.
"Konturatzen garena da, pisatutakoaren %32a behintzat birziklagarria dela. Hobetzeko aukera handia ematen du hor, baldin eta bilketa zorrotz bat egiten bada. %32a kopuru honetan izugarria da, horrek tartea emango lukeelako, Usurbilgo gaikako bilketa %90etik askoz gorago egotea, gai horiek benetan ondo bereizita jasoko balira", Anerreka ingurumen elkarteak ekitaldi amaieran adierazi duenez. Larunbat honetan egin duten lanketa eta erakustaldia etorkizunean errepikatzeko asmotan dira.
Hondakin industrialak eta komertzialen karakterizazioko emaitzak
Errefusa: %29,9 (15,5 kg).
Papera: %14,5 (7,5 kg).
Organikoa: %16,4 (8,5 kg).
Ontziak: %2,5 (1,3 kg).
Beira: %0 (0,0 kg).
Bestelakoak: %36,7 (19 kg).
Denetara: %100 (51,8 kg).