Hondakinen karakterizazio ekitaldia

Anerreka: "Lerro hau da hobetzeko aukera gehien ematen diguna"

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 25a, 13:36

Usurbilgo industria eta komertzioetan biltzen den errefusaren lagin baten karakterizazioa egin du Anerreka ingurumen elkarteak larunbat eguerdi honetan Dema plazan. Errefusaren herena birziklagarria dela egiaztatu ahal izan dute. Egun %86an den gaikako bilketa hobetzeko tartea badela adierazi dute ingurumen elkartetik. 

Usurbilgo industria eta komertzioetako hondakinen lagin bat aztertu ostean, Anerreka ingurumen elkartetik adierazi dutenez, bada zer hobetua bilketan. "Lerro honetan hobetzeko asko dagoela iruditzen zaigu. Azken urteotan %86an da finkatua gaikako bilketa, ez da igotzen", ohartarazi dute aipatu bilgunetik, nahiz Anerrekatik gogorarazi Udalaren "Usurbil 0.0" egitasmoan 2020rako %90eko gaikako bilketa lortu behar dela jarria izan". Hobetzeko tarte nabarmena dagoela iritzita, "eskakizuna ere hortik zuzentzen diogu Udalari, lerro honetan ahalegin handiagoak jarri behar direla emaitza hobetzeko". 

Larunbat eguerdi honetan, Dema plazan egin duten Usurbilgo merkataritza eta industria jardueretako hondakinen karakterizazio lana jarri dute horren adibide gisa. "Birziklagarriak diren hondakin multzo batzuk atera dira, beste batzuk garbi, errefusa dira. Badira beste batzuk errefusan egon behar ez luketenak hondakin bereziak direlako". Eta beste enpresa batzuk jaso behar lituzkete, "baina errazena eta merkeena izanik errefusara botatzen dituzte eta beste hondakin mota hauek nahastutakoan ere birziklaezin bihurtzen dira".

Usurbilen etxeetan sortzen den errefusa biltzen du Usurbilgo Udalak, baita merkataritza eta industria jardueretan sortutakoa. Lan sektoreotakoa aztertzea erabaki du larunbat eguerdi honetan Anerreka ingurumen elkarteak, udalerri osoko errefusaren %60-65 baita. "Urtero gutxi gorabehera 400 bat tona biltzen dira nahasian Usurbilen eta hortik 250 tona industria eta komertzioetan. Horregatik garrantzitsua da oso horren kontrola, bai gaikako bilketa hobetzeko, bai murrizketak lortzeko".