"Gazteok zuekin bidean", gazte mugimenduaren babesa Sareren elkarretaratzean

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 25a, 10:35

Usurbilgo gazte mugimenduak hartu du hitza, iraileko azken ostiral honetako Sareren elkarretaratzean. "Gazteok zuekin bidean" ekimena abiarazi dute.

Berezia izan da iraileko azken ostiralerako Sarek deitutako elkarretaratzea. Frontoian egindako mobilizazioarekin bat egin du Ernaik. "Gazteok zuekin bidean", bertso, dantza eta adierazpen irakurketaren bidez, "gazteok zuekin gaude. Horretan berresten gara, eta herriak konponbiderako hartzen duen bidean ere guk bertan egoten jarraituko dugu" adierazi zuten. 

Mobilizazio honekin eman diote hasiera "Gazteok Zuekin Bidean" ekimenari. Irailaren 30erako antolatu duten "Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa" dokumental proiekzioarekin eta horren osterako iragarri duten solasaldiarekin emango diote jarraipena ziklo honi.


"GAZTEOK ZUEKIN BIDEAN" EKIMENA: ADIERAZPENA
Urteak dira Euskal Herriko plazetan hilabete bakoitzeko azken ostiralean elkartzen garela, herri honetako gatazka politiko-armatuaren ondorioek bultzatuta. Gaurkoan ordea, gazteok erresoluzioa lortzeko bidean dugun presentzia azpimarratzeko asmo bereziarekin etorri gara, gure gatazka ere badelako, eta guk ere jasaten ditugulako gatazka honen ondorioak. Aitzitik, ez da hau etorkizuneko belaunaldientzat nahi dugun herria; sufrimendu eta beldur zikloari amaiera jarri nahi diogu, gatazkaren ondorioak eguneroko ogia baino, memoria soilik bilakatu daitezen.

Guretzako zein atzetik datozenentzako euskal gizarte aske bat nahi dugu, non euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izango ditugun. Euskaldun guztientzako askatasunean eta bakean bizitzeko aukera emango digun Euskal Herria. Oraindik ere 198 preso ditugu espetxeetan, baita hamarnaka iheslari ere, eta gazteok saminez bizi dugu injustizia hau. Ez dugu onartuko mendeku politika honen amaiera ekarriko ez duen konponbiderik ez bakerik. 

Mendeku politika hau euskaldun guztion aurkakoa da, eta senide, lagun, zein auzokideak etxetik urrun eta bahituta izatea zer den dakien azken belaunaldia izan behar dugu. Horregatik hain zuzen ere gure konpromezua berresten dugu denok etxean, bizirik eta aske izateko bidean, eguneroko borrokan eta garaipen txiki bezain handiak lortzean, herri honen askatasunaren alde.

Usurbil, gure herria, bada toki berezia gazteontzat borroka honetan. Duela hiru urte eta baita aurtengo urtarrilean ere, Euskal Herriko gazteen aldarriaren lekuko izan da: gazteok zuekin gaude. Horretan berresten gara, eta herriak konponbiderako hartzen duen bidean ere guk bertan egoten jarraituko dugu.

Aintzat hartzen ditugu azken hamarkadan eta bereziki azken urtean konponbidea lortzeko bidean eman diren pausuak, izan herriak elkarbizitzarako emandakoak, zein memoriari dagokienak, eta baita dispertsio eta espetxe politikarekin amaitzeko asmoz eman direnak ere. Hala ere, garbi dugu oraindik ere bide luzea dugula aurretik, eta eraiki nahi dugun etorkizun hori lortzeko borrokan jarraitu behar dugula.

Bide horretan tresna nagusia elkartasuna izango da, kaleak hartuz zein gatazkaren ondoriorik bortitzenak jasaten dituztenei eta haien senideei gure babes osoa emanez. Gure herrian zorionez azken auzokideak bueltan izan ditugu duela gutxi, eta honek ekarri digun poztasuna nahi dugu Euskal Herriko txoko guztietan. Doakizuela besarkada bero bat, zuei eta oraindik ere etxean ez dauden guztiei. Ez zaituztegu sekula bakarrik utziko.

Azkenik, hau guztia maitasunetik datorrela argi utzi nahi dugu. Maitasuna herri honekiko, bere alde borrokan askatasuna galdu zutenekiko, eta egunerokotasunean diharduten guztiekiko. Ezinbestekoak zarete, zuetako bakoitza, eta harrotasunez jarraituko dugu irekitako bidean aurrera, harrotasunez jarraituko dugu zuen alboan.

Amaitzeko, deia luzatu nahi diogu herritar orori bidea eraikitzen jarraitzeko, nahi dugun herria etorkizunean errealitate bihurtzeko, eta helburu horrekin kalera irteten jarraitzeko. Gazteok zuekin bidean egongo gara!