Errekatxikin matxuratutako ur zikinen hodia konpontzen hasi dira

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 27a, 11:26

Errekatxikin lehertua zen ur zikinen hodia konpontzen hasi da Usurbilgo Udala, astelehen honetan bertan. Itxita dago, Aranerrekako parkeko ibilbidea, Artzabal parean.

Aranerrekako Artzabal pareko parkera gerturatzen bazarete, ibilbidea itxita aurkituko duzue astelehen honetan, eta aste honen zati handi batean ere etenda egon liteke joan etorrietarako aukera ingurune horretan. Errekatxikin lehertua den ur zikinen hodia konpontzen hasia da Usurbilgo Udala. Lanerako materiala jada eskuratua zuen udal brigadak iragan asterako. Lanek iraun artean, aipatu moduan, "itxita egongo da Aranerreka-Bustinzulo oinezkoen bidea", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Gogoan izan, hilabete hasieran Aranerrekan ikusi ziren ur zikinen arrastoaren jatorria aurkitu eta argitu zuen Usurbilgo Udalak. Ohar bidez jakinarazi zuenez, Errekatxiki inguruan leherturiko hodi batek eragindakoak ziren.

"Ezohiko isurketekin kezkatuta" Udalak hodi honen egoera aztertzeko kamera bat pasa zuen hain zuzen, herritar talde batek gertatzen ari zena ohartaraziz kartela jarria duen Aranerrekako zonaldean eta "hormigoizko hodiaren zati bat lehertu" dela ikusi ahal izan zuten. "Hormigoizko hodi handi bat zen lehertu dena, 64 metroko luzerakoa. Gaur egun, PVC materialarekin egin ohi dira, eta halakoa eskatu du udalak", ohartarazi zuen Udalak.

"Gaia konpondu eta bideratzeko lanean ari gara"
Herritarrek gai honen bueltan jakinarazitako kezkekin bat egiten dutela nabarmendu dute Usurbilgo Udaletik eta gai hau bideratzeko lanean jarraitzen dutela. “Jakitun gara Aranerrekan ditugun isurketekin, eta horretan ari gara lanean azken hilabete hauetan. Arretaz irakurtzen ditugu herritarrek helarazitako kexak eta kezkak, eta haiek bezala, udala ere kezkatuta dago: gaia konpondu eta bideratzeko lanean ari gara”, nabarmendu du Lur Etxeberria zinegotziak.

Ur zikinen gaia udalerri honetan zertan den, horren berri eman zuten iragan udaberrian. Une honetan, "Kalezarkoa da bereziki jarraitzen ari den guneetako bat. Batetik, Matia Kalezarren egiten ari den obrak aprobetxatuko ditu udalak zati horren saneamendua hobetzeko [Kalezarren erdigunetik N634 aldera gelditzen den zatian]: euri urak eta ur zikinak batera jaso izan dira Ugaldean, eta hori bereizteko obra egingo du udalak. Infolurrek jada idatzi du proiektu hori, baita udalaren eskura jarri ere: obrak 134.000 euroko kostua du, eta 2022ko aurrekontuetan islatzeko asmoa du udal-gobernuak.  Bestetik, Kalezarren erdigunetik Aranerrekarako zatian, euri urak eta ur zikinak bereizi gabeko bost puntu zituen identifikatuta, etxebizitza partikularrenak direnak: horietako bi konponduta daude dagoeneko, eta beste hiruek hori bideratzeko aurrekontuak eskatuak dituzte", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.

Aginagara begira ere badira. "Aginagako saneamendua hobetzeko proiektua idazteko eskatua dio udalak Injelani, euri urak eta ur zikinak Añarbek eta Euskal Ur Agentziak Aginagan egingo duten kolektore nagusira bereizita bideratzeko".