Koronabirusa

Neurri murriztaile gutxiago, oraindik presentzialtasuna %50ekoa den anbulatorioetan

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 28a, 13:36

Aurrez aurreko zerbitzua %50ekoa da oraindik Lehen Mailako Arreta zerbitzuetan, anbulatorioetan alegia Eusko Jaurlaritzaren arabera. Guneotan indarrean diren hainbat neurri murriztaile bertan behera uzten joango direla iragarri dute.

Nafarroan covid19ari aurre egiteko indarrean ziren neurri murriztaile guztiak ezabatuko dituzte urrian sartzearekin batera, hezkuntza eta kirol arloetan izan ezik. Musukoaren erabilera halere sustatzen segiko dute. Hala iragarri du Nafarroako Gobernuak. Araban, Bizkaian eta Usurbil kokatua dagoen Gipuzkoan aldiz egungo neurri murriztaileei eusten segitzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, astearte honetan adierazi duenez.

Neurri berriak Osasun Sailaren esanetan, oraindik %50eko aurrez aurreko zerbitzua baino eskaintzen ez duen Lehen Mailako Arretarako iragarri dituzte. Urte hau amaitzerako %65era igo nahi dute anbulatorioetako presentzialtasuna. Bide horretan, "pixkanaka", pandemia aurreko arreta zerbitzua berreskuratu nahi dute. Batetik, "osasun-zentroek dagoeneko ez dute COVID eta ez-COVID banaketarik izango. Biztanleriari ohiko osasun-zentroan emango zaio arreta", iragarri du Jaurlaritzak.

Baina era berean, "pazienteen eta profesionalen segurtasuna babesteko, arnasketa sintomatologia dutenei eta, beraz, COVIDarekin bateragarriak diren sintomak dituztenei ordutegi-tarte zehatzetan emango diegu arreta. Helburua da arreta presentziala izatea eta gainerako pazienteetatik bereizita".

Pazienteak laguntzailearekin joan ahalko direla iragarri du Jaurlaritzak. Anbulatorioetan "pandemian jarritako arkitektura-oztopoak kentzen hasiko da, edukiera handitzeko. Proba diagnostikoak egiteko moduluak, manparak, barne-zirkuituak edo itxarongeletako zigiluak kenduko dira, besteak beste".

Azkenik, berrikuntzak hitzordua eskatzeko garaian. "Web-orriaren bidez aurretiko hitzordua hartzeko sistema berria diseinatuko da, presentzialtasun handiagoa izateko eskaerari modu antolatuan eta seguruan erantzuteko".

Txertaketa Atanon
Txertaketa guneei dagokienez, usurbildarrei Illunbeko zezen-plazara joatea egokitu izan zaie orain arte. EAE-ko biztanleriaren %90ak gutxienez dosi bat jarri duela berri eman du Jaurlaritzak eta covid19aren aurkako dosiak hartzeko gune erraldoiak ixtea erabaki dute. Aurrerantzean, Donostiako Atano III frontoian kokatuko dute eskualde honetako txertaketa gunea.