"Lortu dugu!!! Pazienteki denbora hartu duzuenoi sinatzeko, mila esker!! Muralak osatu zenituztenoi, beste hainbeste!!!", adierazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez. Beharrezko atxikimenduak jasota, orain, "Osoigo-rekin harremanetan jarriko gara jakiteko Asensiok noiz erantzungo dion gai honi".
Agintari politikoei edota erakundeei galderak helarazteko aukera eskaintzen duen plataforma hau baliatu du hain zuzen aipatu herri mugimenduak sinadurak biltzeko. Honako hau zen foru ingurumen diputatuari luzatua zioten galdera: "Zergatik ez du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) pardelak birziklatzeko zerbitzuaren prozesua abiatzen?".
Galdera hau ere testuinguru honetan kokatzen zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "José Ignacio Asensio jauna. Gipuzkoako gizarteak badaki pixoihalak eta produktu higienikoak birziklatu daitezkeela. Urrats hori eman nahi du eta gauzak ondo egiten jarraitu, gainerako hondakinekin egiten duten bezala, mundu mailan hondakinak gehien eta ondoen bereizten dituzten lurraldetako bat baita. Horretan ere nabarmendu nahi dugu. Eskaera gero eta handiagoa da. Erakundeek erantzun egin behar diete gizartearen eskakizun horiei eta klimaren larrialdi-egoeran egonda, prozesuak bizkortu egin behar dira. GHK-k pixoihalak eta higiene-produktuak birziklatzeko zerbitzua bere gain hartu beharko luke. Hainbat udalerritan bereizita jasotzen dira hondakin horiek eta beraz herritarrak gai dira bereizteko, prest daude. Zerbitzu hau eskaintzeak hiritarrak asebeteko lituzke eta euren eta planetaren interesak aurretik jarriko lirateke. Mila esker".
Herriz herri aritu dira sinadurak biltzen, nahiz muralak osatzen. Zubietan eta Usurbilen ere atxikimendu bilketa postua kokatu dute aurreko hilabeteotan.