Zainketa zerbitzu publikoaren defentsa, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egun honetan

Noaua Aldizkaria 2021eko urriaren 1a

Iragan maiatzean pentsiodunen mugimenduak Gipuzkoan barrena pentsio duinen alde egindako bizikleta martxa. Usurbil zeharkatu zuen.

Urriak 1, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna. Mobilizazio eguna (eguerdian 12:00etan manifestazioa Donostiako Alderdi Ederretik, "Helduak borrokan bizitza duinaren alde" lelopean), aldarrikapen eguna baita. Oraindik bete ez diren hamaika eskakizun baititu Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataformak. Hemen NOAUA!ra helarazi duten idatziak biltzen dituen eskakizun eta aldarrien zerrenda.

Urriak 1, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna
Aurten ere, pandemia baten erdian ospatzen ari gara, gure bizikidetzari, gure osasunari eta kolektibo kaltebera gisa ditugun eskubideei kalte handia egitera etorri den pandemia baten erdian.

Garai hauetan, ongizate-sistema indartsu bat izatearen garrantzia egiaztatu dugu; izan ere, osasun onik gabe, egoitza onik gabe, mendekotasunari zerbitzu onik eman gabe, babesik gabe gaude, eta, bereziki, adineko pertsonok.

Pandemiak ongizateko Erakunde Publikoen garrantzia azpimarratu du, enpresa pribatuak ez baitira ordezkatzeko gai. Balorazio horrek Pentsio Publikoen garrantzia ere aitortzera garamatza. GAPEP-PAMPGek beti defendatu du adinekoen giza eskubideak errespetatzea eta bizitza duina bermatzea. Arrazoi askorengatik dauden ehunka mila adineko pobrezian sartuta, edo ezin dute hilabete amaierara iritsi, alokairua, argia, gasa eta abar ordaindu. Horregatik, Pentsioen Sistema Publikoa egonkortzea eskatzen dugu, eta 1080 euroko Gutxieneko Pentsioa bermatzea, bizitza duina bermatzeko.

Halaber, eskatzen dugu erakundeek, eremu guztietan, osasun publikoa berma dezatela, beharrezkoak diren giza baliabideekin eta baliabide materialekin, osasun-arreta publiko duina bermatzeko, adinekoentzat hain beharrezkoa dena, besteak beste, gaixotasunak hartzeko oso adin ahulean gaudelako. Era berean, etxean eta egoitzetan Zainketa Zerbitzu Publikoa behar dugu, espekulazio-enpresek osasuna eta adinekoen zaintza kontrolatzea galarazteko, poltsiko gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan.

Ildo horretatik, publiko guztiaren defentsa egiten dugu. Pertsona erdigunean jartzeak zaintza-eredua aldatzea dakar, eta, horretarako, egoitzei giza baliabide eta baliabide material handiagoak eman behar zaizkie, pertsonen segurtasuna eta duintasuna bermatzeko.

Era berean, adineko pertsonen kolektiboan ere berdintasun-politikak eskatzen ditugu. Pentsioek, bai eta soldatetan eta pentsioetan dagoen arrakala kentzeak, osasunak eta zainketek (etxean edo egoitzetan) lehentasunezko eginkizuna betetzen dute adinkoen osasuna eta bizitza zaintzeko, baina badira beste alderdi oso garrantzitsu batzuk ere, haien ongizatean eragin zuzena dutenak eta defendatzea garrantzia dutenak, hala nola diskriminazioa eta/edo tratu txar fisikoa, emozionala, arduretan zabarkeria eta nahi gabeko bakardadea desagerraraztea.

Aldarrikapen horien argitan, konponbideetan parte hartzeko eskubidea eskatzen dugu, eta, beraz, Erakunde Publikoei pentsiodunen mugimenduarekin hitz egiteko eskatzen diegu, egoera horrek eragindako pertsonak direlako.

Azkenik, GAPEP-PAMPG-etik elkartasuna adierazten diegu adineko pertsona ahulenei, eta eskatzen dugu gure giza eskubideak aintzat har ditzatela eta bizitza duina berma diezagutela gure bizitzaren amaierara arte. Egun honetan, balioa eman nahi diogu adinekook gizarteari egiten diogun ekarpenari, eta adierazi nahi dugu egiten ari garen borrokak zentzu handia duela gure osasunerako eta bizitzarako.

Donostia, 2021eko urriaren 1a

Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataforma