Zer nolako zaporea, itxura, kolorea, azala, mamia... duten, zenbateko neurria... Badugu zer ikusi eta ikasia Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak antolatuta, egunotan Sutegin ikusgai duzuen erakusketan. Sagardoetako sagarren bildumari buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera eskaintzen ari dira, bai kultur etxeko erakusleihoan, baita antolatzaileek ohartarazi dutenez, Alkartasuna Kooperatibaren egoitzan bertan ere.
115 sagar barietate erabiltzen dira sagardotarako; barietate zabal horren aukeraketa bat da ikusgai jarri dutena egunotan.
Bertso-ibilaldia sagastietan
Urriaren 24rako antolatu du Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak. "Sagardoaren paisaia kulturala ezagutzeko parada" eskainiko duen irteerak bidelagun bereziak izango ditu; Maialen Lujanbio eta Andoni Egañaren bertsoak eta Jakoba Errekondoren argibideak. Txangoa goizeko 10:00etan abiatuko da Txokoaldeko parketik. Izena aurrez eman beharko da, bideotatik: alkartasuna@usurbil.com helbidean edo 943 361 114 telefono zenbakian.