Brigadan lan anitzetan aritzeko Beterri-Buruntzako enplegu-prestakuntza plana martxan

Noaua Aldizkaria 2021eko urriaren 5a

Ostegunean, urriaren 7an zabalduko dute izen ematea. Deialdia, lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituztenei zuzendua egongo da. Guztira eskualdeko udal brigadetan aritzeko 17 lanpostu eskainiko dira.

Beterri-Buruntzako langabetuak lan merkatuan txertatzeko enplegu-prestakuntza programa martxan dute berriz eskualdeko udalek; Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgoek. Zehazkiago esanda, udal brigadetan lan anitzetan aritzeko 17 lanpostu iragarri dituzte. Usurbilgo Udalaren kasuan, lanaldi osoko hiru lanpostu bost hilabeteetarako. 


Beterri-Buruntzako enplegu-prestakuntza plana
-Urriak 25-abenduak 10: hiriguneen mantenu ikastaroa (150 ordu).
-Ikastaroa gainditzen dutenentzat: eskualdeko udal-brigadetan operario gisa lan egiteko aukera, 17 lanpostu guztira. Usurbilen lanaldi osoko hiru lanpostu bost hilabeterako.
-Nori zuzendua: lehentasunez, Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (DSBE) kobratzen dutenei (lanpostuen %30, 5 guztira). Gainerako lanpostuak 35 urtetik beherakoentzat, 45 urtetik gorakoentzat, denbora luzeko langabetuentzat eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat (tartean, 7 lanpostu -%40a- emakumeentzat eta beste 3 lanpostu -%15- 55 urte baino zaharragoentzat lehenetsiko dira).
-Bete beharreko baldintzak: hiriguneen mantenu ikastaroa gainditzea; Beterri-Buruntzako udaletakoren batean (Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan edo Usurbilen) erroldatuta egotea; aurretik programa honen onuradun ez izana; Lanbiden langabetu gisa izena emanda egotea.
-Izen ematea: urriaren 7tik aurrera (hautagai kopuru nahikoa osatu arte) lanbide.eus web orrialdeko enplegu atalean.
-Informazio gehiago: udaletxean (Joxe Martin Sagardia plaza z/g) / 943 371 951 / enplegu@usurbil.eus
-Sustatzaileak: Usurbilgo Udala, Beterri-Buruntza, Lanbide.