EROskopoa

Urriko EROskopoa hemen da

Noaua Aldizkaria 2021eko urriaren 6a

NOAUA!ko igarle famatuak urriko iragarpenak igorri dizkigu. Ea asmatzen duen oraingoan!

ARIES

Dantzalekuetan dantza egin dezakezu, baina kontzertuetan ez. Nork ulertzen du hau?

Hileko aholkua: Ezin bada dantza egin ez da zure festa!

 

TAURUS

Denboran atzera egingo zenuke hainbat gauza konpontzeko.

Hileko aholkua: Hilabete bukaeran ordu aldaketa egingo dute eta ordu bat gehiago izango duzu, aprobetxatu!

 

GEMINI

Ondo egin duzu pilatesera apuntatzen. Zure gorputzak eskertuko dizu.

Hileko gomendioa: Behingoagatik joan zaitez bi klase baino gehiagotara, mesedez!

 

CANCER

Esperientzia berria eta zirraragarriak bizitzeko gogoz zaude?

Hileko aholkua: Zatoz urriaren 23an NoauaFESTARA; ez zaizu damutuko!

 

LEO

Marte laugarren atean eta ilargia bosgarrenean izango dituzu hilabete honetan, kontuz.

Hileko aholkua: Ez egin kasu astrologiari eta bizi zuk nahi duzun bezala, bada eta garaia!

VIRGO

Udazkena garai zoragarria izaten da naturarekin bat egiteko.

Hileko aholkua: Iratiko basoa ederra da, baina Andatza eta Bodatxo inguruak ez diote batere inbidiarik!

 

LIBRA

Aurten bai. Aurten zure urtebetetzeak “normaltasun” handiagoarekin ospatzeko aukera izango duzu.

Hileko aholkua: Gel hidroalkoholikoa bai, baina ez txupitoetan!

 

SCORPIUS

Oporrak duela gutxi izan dituzu, baina dagoeneko oso nekatuta zaude pandemiaren ondorioz.

Hileko aholkua: Oporrak behar dituzu berriz. Emaiozu nagusiari eroskopo hau ziurtagiri bezala.

 

SAGITARIUS

Norbait berezia ezagutuko duzu hilabete honetan. Adi egon.

Hileko aholkua: Ez legoke gaizki zure “ligatzeko teknikak” berrituko bazenitu. Edo zuzenean aldatuko bazenitu, hobeto.

 

CAPRICORNIUS

Enegarren aldiz dietan jarriko zara eta enegarren aldiz lehenengo astean bertan behera utziko duzu.

Hileko aholkua: Jan ondo eta mugitu ipurdia, askoz ere eraginkorragoa izango da eta!

 

AQUARIUS

Hilabete honetan triste xamar egongo zara, tenperatura freskoak ez dituzulako maite.

Hileko aholkua: Atera armairutik pijama luzea eta hanketako poltsa beroa eta konponduta!

 

PISCIS

Halloween eta antzeko kontuekin kokoteraino zaude, kulturalki kolonizatzen ari zaizkigula eta.

Hileko aholkua: Ba badakizu garai batean Usurbilen ere kalabazak jartzen zirela kaleetan jendea ikaratzeko?