Koronabirusa

Osasun-larrialdia amaitutzat eman du Eusko Jaurlaritzak

Bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak, covid19aren hedapenaren eraginez, "indarrean egon den osasun-larrialdiko egoera". Hala dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu berri duen Lehendakaritza dekretuak. Larrialdi egoera amaituta, "irailaren 17ko 38/2021 Dekretuan aurreikusitako" neurriak aplikatzeari utzi diote. Iaztik, pandemia kudeatzen aritu den LABI "zuzentzeko eta koordinatzeko eskumenak bereganatzeak ondorioak galtzea" ere badakar aipatu dekretuak. Neurri murriztaileak kudeatzen aritu den Jaurlaritzaren aholku batzordea (LABI) desegitea erabaki dute baita. Aurrerantzean, Osasun Sailak kudeatuko ditu hartu beharreko neurriak. Gasteizko gobernuak kaleratu berri duen dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian irakur dezakezue osorik, lerrootan duzue bestela, bere osotasunean.

XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
5124
39/2021 DEKRETUA, urriaren 6koa, lehendakariarena, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera Euskadin amaitu dela adierazten duena eta normaltasun berri batean sartzeko neurriak zehazten dituena.

COVID-19 pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioa arautzen du, aipatutako pandemiari aurre egiteari buruzko adierazle epidemiologikoen arabera. Adierazle epidemiologiko horiek, aldi berean, alerta-mailak zehaztu izan dituzte, eta, azkenean, horiexek osatu dute lehendakariak hartutako euste-neurrien eta Legetik eratorritako berariazko babes-sistemaren indarraldiaren denbora-eremurako oinarri faktikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen pandemiaren bilakaerari buruzko adierazleek eta gure inguruneko aurreikuspen ezagunek, Euskadiko osasun-sistemaren egoera erabakigarriarekin batera, aukera eskaintzen digute orain arteko osasun-larrialdiaren fasea amaitutzat emateko eta normaltasun berri batean sartzeko planteamenduari ekiteko, non, hainbat neurriren bitartez, aukera izango baitugu pandemiaren aurkako borrokan irmoen ari den erakunde publikoa berrikusteko eta egokitzeko; besteak beste, Larrialdiei Aurregiteko Bidea – Labi desaktibatzea. Eta hori guztia gure sentsibilitateen eta baliabideen ezinbesteko egokitzapena alde batera utzi gabe; izan ere, osasun-zaintzako fase honek modu iraunkor eta arruntean eragiten dio gure Osasun Sailari.

Bestalde, krisi-fasea ofizialki gainditu behar da, gure eremuan larrialdi-egoeratik eratorritako neurri guztiak ondoriorik gabe geratu direla adierazi ahal izateko. Hain zuzen ere, ezohiko antolaketa-neurriez ari gara, babes zibileko gure egitura publiko zabalean finkatuta daudenak, Labiren zuzendaritza bereganatzeko abuztuaren 15eko 17/2020 Dekretuaren bitartez sustatu zirenak; eta, batez ere, osasun publikoaren arloko eskumenean oinarrituta hartu ditugun neurri espezifikoez eta prebentzio-neurriez. Neurri horiek direla-eta, irailaren 17ko 38/2021 Dekretuak bateratu eta eguneratu egin zuen gure kontrol eta esku-hartze publikoko erantzun zehatzena, arriskutik babesteko eta herritarren osasuna zaintzeko.

Etorkizunari begira, eta epe labur eta ertainean ere bai, aurreikuspen zehatz bat egitearen garrantzia azpimarratu behar dugu; izan ere, inoiz ez bezalako egoera batean bizi izan gara, eta, ondorioz, gure zaurgarritasunaz jabetu gara, eta horrek kezkak eta ondorioak utzi ditu gure bizitzako esparru guztietan. Zalantzarik gabe, gure osasun-agintaritzei dagokie, Osasuneko sailburua buru dela, erantzukizun publikoei eustea, osasun publikoaren prebentzioaren, zaintzaren eta kontrolaren arloan etengabeko erantzun doitua emateko, betiere Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legean babestuta; eta, egoera bakoitzaren arabera egokitzat jotzen badu, eta Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluarekin eta Estatuko agintaritza eskudunekin koordinatuta eta kohesionatuta aritzeari kalterik egin gabe, Osasun Sailak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak eta arauak hartu ahal izango ditu normaltasun berrian, aurrerantzean ere irmo eutsi ahal izateko osasun publikoaren babesaren fase berri honi.

Euskadiko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, hala xedatzen baitu COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak. Beraz, lege horretan eta oro har aplikatu beharreko gainerakoetan ezarritakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Osasun-larrialdiko egoeraren amaierari buruzko adierazpena.

Gaurdaino indarrean egon den osasun-larrialdiko egoera amaitu dela adierazten da, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera. Amaiera horrek dekretu hau indarrean jartzen denetik izango ditu ondorioak.

2. artikulua.– Osasun-larrialditik eratorritako neurriek ondorioak galtzea.

Osasun-larrialdia amaitzeak berekin dakar, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, ondorioak berehala galtzea lehendakariaren irailaren 17ko 38/2021 Dekretuan aurreikusitako neurri guztietarako (38/2021 Dekretua, irailaren 17koa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehaztekoa).

Neurrien eraginkortasuna galtzearen ondorioz, aldi berean berrezarriko da dekretu horretan aurreikusitako edo aipatutako jarduera bakoitza ohiko izaeraz diziplinatzen duen araudi oro, eta ezarritako murrizketa, debeku edo mugapen berezi eta espezifiko guztiak ezabatutzat joko dira.

3. artikulua.– Labi zuzentzeko eta koordinatzeko eskumenak bereganatzeak ondorioak galtzea.

Indarrik gabe uzten da Labiren zuzendaritza- eta koordinazio-eskumenak bereganatzea. Eskumen horiek lehendakariaren abuztuaren 15eko 17/2020 Dekretuaren bidez erabaki ziren, zeinaren bitartez Larrialdiei Aurregiteko Bidea – Labi zuzendaritza bereganatzen baita, COVID-19ren hedapenaren ondoriozko alerta sanitarioak sortutako egoeraren aurrean. Eskumena Segurtasuneko sailburuari itzultzen zaio, hari baitagokio, oro har, Labi zuzentzea eta koordinatzea.

4. artikulua.– Labiren Aholku Batzordea desegitea.

Labiren Aholku Batzordea, COVID-19 pandemiaren kudeaketan laguntzeko ezohiko eran eratua, desegintzat jotzen da, hargatik eragotzi gabe Euskadiko Herri Babeseko Planaren zuzendaritza berriak beste bat izendatzea legez ezarritako helburuetarako.

5. artikulua.– Normaltasun berrian sartzeko araubidea eta neurriak.

Euskadin osasun-krisia eta osasun-larrialdiko egoera gainditzeari kalterik egin gabe, Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta euste-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, COVID-19 pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta jarraipen sistematikoari eta kasuen eta kontaktuen kudeaketa eraginkorrari eutsita.

Horretarako, eta hargatik eragotzi gabe aplikagarria den Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko legeria arrunta, krisiaren aurrekoa edo krisi-garaian sortutakoa, eta, bereziki, alde batera utzi gabe prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Estatuko Legea aplikatzea, eta Estatuko agintariek eskatutako koordinazioari eta kohesioari kalterik egin gabe, gaituta geratzen da Euskadiko osasun-agintaritza, Osasuneko sailburua buru dela, Euskadin normaltasun berrian aplikagarriak izango diren prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urriaren 6an.