Koronabirusa

Neurri murriztaile gehienak bertan behera, baina ez denak

Covid19ak eragindako "osasun-larrialdia" amaitutzat eman du Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan kaleratu duen dekretuak. Neurri murriztaile ia denak bertan behera utzi ditu, baina ez denak. Lehendakaritzak kaleratu duen dekretuaren bueltan, Osasun Sailak bigarren bat plazaratu du, oraindik orain mantendu beharreko prebentzio neurriei buruzkoa. 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzea eskatzen dute gune publikoetan, "arreta berezia jarriko da esparru itxietan". Musukoa beharrezkoa izango da distantzia hori mantendu ezin den egoeretan, jende pilaketak daudenetan, garraio zerbitzuetan, ostalaritza guneetan jan eta edateko uneetan izan ezik... Orain arte bezala alegia. Jan-edana aipatuta adi; ura izan ezik, "ezin izango da janaririk eta edaririk kontsumitu", hala dio Osasun Sailak denetariko ekitaldi publikoetan. Ez espazio itxietan, ezta irekietan ere. Ekitaldien edukierari dagokionean, mugarik ez. Salbuespen bakarra, 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten gune itxietan; eremuotan, "baimendutako gehieneko edukiera %80koa izango da". Gainerakoan aipatu moduan, edukiera mugarik ez, ezta ordutegi aldetik ere. Lerrootan duzue Osasun Sailak kaleratu duen dekretua osorik, bestela ostegun honetako (urriak 7) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian irakur dezakezue.

XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
5125
AGINDUA, 2021eko urriaren 6koa, Osasuneko sailburuarena, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa.

Lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 Dekretuak amaiera ematen dio COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera deklaratutako osasun-larrialdiko egoerari. Amaiera horrek indarrean sartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.

Dekretuak honako hau aurreikusten du 2. artikuluan: «Osasun-larrialdia amaitzeak dakar, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, lehendakariaren irailaren 17ko 38/2021 Dekretuan aurreikusitako neurri guztietarako eragina berehala galtzea. Dekretu hori SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioak hedatzea geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehaztekoa da, testu bakarrean bilduta.»

Ondorioz, Dekretuaren 5. artikuluaren arabera: «Hargatik eragotzi gabe EAEn krisia eta osasun-larrialdiko egoera gainditzea, Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta geldiarazte-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta kasuen eta kontaktuen jarraipen sistematiko bati eta kudeaketa egoki bati eutsiz.

Horretarako, eta hargatik eragotzi gabe erkidegoko edo estatuko legeria arrunta aplikatzea, krisiaren aurretik edo aldi berean aplikatzekoa dena, eta bereziki hargatik eragotzi gabe Estatuko martxoaren 29ko 2/2021 Legea, prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri premiazkoei buruzkoa, EAEko osasun-agintaritza gaituta geratzen da, Osasuneko sailburua buru dela, prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko; neurriok aplikatzekoak izango dira EAEn normaltasun berrian.»

Bestalde, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Legeak ezartzen duenez (lege hori ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren proiektua, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzkoa, lege-proiektu gisa izapidetzearen emaitza da), Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako organo eskudunek izango dituzte, dagokien eskumen-esparruan, lege horretan ezarritako neurriak behar bezala betetzen direla zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko eginkizunak.

Zirkulazio epidemikoaren intentsitateak behera egin du azken asteotan. Urriaren 5ean, 14 egunean metatutako intzidentzia 60,64 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta joera beheranzkoa da.

Intzidentziak behera eginda, COVID-19arekin infektatutako pazienteengatik ospitaleetako oheen okupazioak ere behera egin du. 2021eko urriaren 5ean, guztira 47 ohe zeuden okupatuta; eta ZIUn, berriz, 32.

Une honetan, hauxe da txertaketaren estaldura: dosi bakarra dauka 12 urtetik gorako biztanleriaren % 90,2k, eta pauta osoa, berriz, % 88,9k.

Horregatik, agindu honen xedea da osasun publikoaren zaintza eta kontrolaren berezko prebentzio- eta geldiarazte-neurriak ezartzea eta neurri horiek gaur egungo egoerara egokitzea, kontuan hartuta COVID-19aren pandemiaren aurrekaria, harik eta behin betiko amaitzen den arte.

Oraindik ere, COVID-19aren inguruko zenbait prebentzio-neurri mantendu beharko dira; hauek, hain zuzen ere: maskara erabiltzea, distantzia, eskuen higienea, barruko espazioak aireztatzea eta jende-pilaketak saihestea. Era berean, oraindik ere lehentasuna da kasuen eta kontaktuen jarraipen sistematikoari eta kudeaketa eraginkorrari eustea.

Nolanahi ere, errepikatzen da beharrezkoa dela zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioei eusten segitzea prebentzio- eta autobabes-neurrietan, eta herritarrei dei egiten zaie horretan kolaboratu dezaten, sinetsirik pertsona bakoitzak arduraz jokatzea dela bermerik garrantzitsuenetako bat kutsatzeak areagotu ez daitezen.

Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita eta kontuan hartuta SARS-COV-2 birusak eragindako pandemia kontrolatu beharra, EAEko osasun-arloko agintaritzari dagokion jardunean, bat etorriz lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 Dekretuak, EAEn COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoeraren amaiera deklaratzen duenak eta normaltasun berrian sartzeko neurriak zehazten dituenak, bere 5. artikuluan araututakoarekin, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta osasun publikoaren zaintza eta kontrolaren berezko prebentzio- eta geldiarazte-neurriak ezartzea. Neurri horiek EAEn aplikatuko dira normaltasun berrian zehar, behin larrialdi sanitarioko egoera amaitu dela deklaratu ondoren.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua eta irismena.

Agindu honetan aurreikusitako neurriak, eranskin gisa jasota daudenak, Euskal Autonomia Erkidego osoan aplikatuko dira.

Neurri horiek beste administrazio publiko batzuen eskumenekiko eta, eskumen horiek erabiliz, administrazio horiek hartzen dituzten neurriekiko errespetuaren barruan ulertu behar dira.

Hirugarrena.– Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.

Udal, foru eta autonomia mailako ikuskapen-zerbitzuak, euren eskumenen esparruan, arduratuko dira agindu honetan jasotako neurriak betetzen direla zaintzeaz.

Ez-betetzeak gertatuz gero, honako xedapen hauetan aurreikusitako moduan zehatuko dira: COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Legearen VII. kapitulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren VI. titulua, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35-39 artikuluak.

Laugarrena.– Segurtasun-plan espezifikoak, antolamendu-protokoloak eta gidak.

Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurriak osatu ahal izango dira segurtasun-plan espezifikoekin, antolamendu-protokoloekin eta gidekin, jarduera-sektore bakoitzari egokituta eta administrazio eskudunek onartuta.

Bosgarrena.– Neurrien jarraipena eta aplikazioa.

Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurri horien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako sailburuek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, beharrezkotzat jotzen dituzten xedapenak eman ahal izango dituzte, agindu honen bidez hartutako neurrien edukia zabaltzeko, murrizteko edo aldatzeko.

Halaber, Osasuneko sailburuak, osasun-agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango ditu.

Seigarrena.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 6a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

ERANSKINA
PREBENTZIO-NEURRIAK

1.– Neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak.

Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie. Era berean, errespetatu egin beharko dira osasun-agintariek COVID-19a prebenitzeko ezartzen dituzten segurtasun- eta higiene-neurriak, bai eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak ere.

Oro har, toki publikoetan, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantentzen saiatu beharko da, eta arreta berezia jarriko da esparru itxietan. Distantzia hori mantentzerik ez dagoenean, higiene-neurri egokiak hartuko dira kutsadura-arriskua prebenitzeko, eta, nolanahi ere, ahalik eta distantziarik handiena mantenduko da pertsonen artean.

Era berean, ahal dela, eskuak gehiagotan garbitu beharko dira, eta, horretarako, soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiliko dira.

Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek etengabeko aireztapena bermatu beharko dute egunean zehar, bai eta lokalak irekitzean eta ixtean ere. Aireztapena mekanikoa bada, maximizatu egin beharko da kanpoko airearen sarrera, eta, aldiz, saihestu egin beharko da airearen birzirkulazioa. Aireztapen- eta klimatizazio-sistemek eraikinak eta lokalak mantentzeko gomendio ofizialak bete beharko dituzte. Era berean, aireztapena (ahal dela, naturala eta jarraitua) konpromiso indibidualeko neurri bat izango da herritar guztien bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako toki guztietan, hargatik eragotzi gabe erabilera publikoko establezimendu eta lokal guztietan aplikatzea.

2.– Maskarak erabiltzea.

13/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldarazitako 2/2021 Legearen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, erabilera publikoko edozein gune itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein gunetan.

Aire zabaleko guneetan nahitaez erabili beharko dira, baldin eta ezinezkoa bada pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea, elkarrekin bizi diren pertsona-taldeen kasuan izan ezik. Ondorioz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da pilaketak izaten dituzten hiri-ingurune guztietan.

Ingurune naturalean ez da maskararik erabili beharko, betiere pilaketarik edo metaketarik ez badago elkarrekin bizi ez diren beste pertsona batzuekin.

Ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, bai eta jatetxeetan ere, maskara erabiltzeko derrigortasuna une jakin batean etengo da soilik: elikagaiak edo edariak hartzeko unean, hain zuzen ere. Bestela, beti erabili behar da, bai barrualdeetan, bai terrazetan.

Edozein kirol-jardueratan, ez da maskara erabili beharko espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan bainua hartzerakoan, taldeen arteko kirol-lehiaketetan (entrenamenduak barne) eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan.

Hondartzetan eta igerilekuetako kanpoaldeko guneetan, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, baldin eta erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke.

Nahitaezkoa eta ezinbestekoa da 6 urtetik gorakoek maskarak erabiltzea edozein garraiobide hartzen dutenean; hain zuzen ere, bidaiaren hasieratik bidaia amaitu arteko tarte osoan, legezko salbuespen-kasuetan izan ezik. Garraio pribatuan, ez da beharrezkoa izango maskarak erabiltzea, baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean. Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako lanleku propiorik edo babes-manpara baten bidez bereizitako lekurik ez badute.

Era berean, aplikatzekoak izango dira maskarak ez erabiltzeko arrazoiak eta kasuak, betiere 13/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldarazitako 2/2021 Legearen 6. artikuluan legez aurreikusitako eran. Kasu horietan, norbaiti eskatzen zaionean egiaztatu dezala maskara erabiltzetik salbuetsita dagoela, desgaitasun- edo mendekotasun-maila adierazten duen agiri baten bidez dokumentatu beharko du egoera hori, edo, bestela, horretarako egindako mediku-ziurtagiri baten bidez.

3.– Ordutegiak.

Jarduera komertzial, sozial eta kulturalak ixteko eta irekitzeko ordutegia egokitu egingo da arlo horretan aplikagarria den ordutegien ohiko erregulaziora.

4.– Edukierak.

Lokal eta instalazio guztietarako, edukieraren % 100ean baimendutako gehieneko edukiera ezarriko da berriz ere. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparru itxiak izango dira salbuespena; izan ere, horietan, baimendutako gehieneko edukiera % 80koa izango da.

Lokal eta instalazio guztietan, arreta berezia jarri beharko zaie instalazioetara sartzeko eta handik irteteko protokoloei, batez ere edukiera handiena dutenetan.

5.– Ekitaldien antolaketa.

Era guztietako ekitaldi sozialak, kulturalak edo kirol-arlokoak antolatzean, bai eta erabilera publikoko establezimendu eta lekuetan egiten diren jarduera guztietan ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak eta gidak errespetatu beharko dira, bai jarduera bera garatzeko orduan, bai jendearen egonaldia eta haiei laguntza emateko modua antolatzeko orduan, COVID-19a transmititzeko arriskua saihestu ahal izateko. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aldian-aldian eguneratuko ditu jarraibide eta gida horiek, bilakaera epidemiologikoaren arabera.

Nolanahi ere, barrualdeko lokal eta instalazio guztiak modu egoki eta jarraituan aireztatu beharko dira. Halaber, ekitaldiek irauten duten bitartean, ez barruko ez kanpoko esparruetan, ezin izango da janaririk eta edaririk kontsumitu, ura izan ezik. Ostalaritzako guneetan eta jatetxeetan baino ezin izango dira janariak eta edariak saldu eta kontsumitu. Ostalaritza- eta jatetxe-guneetan bakarrik saldu eta kontsumitu ahal izango dira elikagaiak eta edariak.

6.– Osasun-arloan arduraz jokatzeko betebeharrak.

Kutsatutako pertsonek eta haiekin harremana izan dutenek derrigorrez kolaboratu behar dute COVID-19 Kasuak eta Kontaktuak Zaintzeko EAEko Sarearen bilaketa- eta trazabilitate-lanetan. Hori dela eta, herritarrei eskatzen zaie zehaztasunez erantzuteko jarraipenaren arduradunek egiten dizkieten deiei, eta eskatzen zaien informazio guztia ahalik eta azkarren eta egiazkotasunez emateko.

Pertsona guztiek bete beharko dituzte agintarien edo osasun-zerbitzuen jarraibideak, bai eta Osasun Sailarenak ere, indarrean dauden protokoloen arabera.