"Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa" dokumentala ikusi zuten atzo Sutegin

Anerreka Ingurumen Elkarteak atzo “Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa” dokumentalaren proiekzioa antolatu zuen, eta dozenaka pertsona hurbildu ziren Sutegiko auditoriora. Tartean, dokumentalaren zuzendari den Bertha Gaztelumendi eta gidoigilea, Sabino Ormazabal. Proiekzioaren amaieran, tartea egin zuten ikus-entzuleekin solasaldi txiki bat egin eta zalantzak argitzeko.

80ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta Euskal Herrian ere indar berezia hartu zuen. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zuten agintariek. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Dokumentalarekin, Gladysen gertakariaren harira garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu soziala erakutsi nahi izan zuten zuzendariak eta gidoigileak.