"Deskonektatu elektriketatik!"

Udalak kaleak ez, herriko gune esanguratsuenak itzaliko ditu ordu erdiz

Usurbilgo Udalak bat egin du ostiral gau honetarako, 22:00-22:30 artean, argindarraren prezioaren etengabeko igoera salatzeko deitutako kazola-jotze eta itzalaldiarekin. Zenbait txoko esanguratsu argirik gabe utziko ditu aipatu ordu tarte horretan.

Irailaren 30eko udalbatzarrean onartutako mozioarekin bat egin zuen Usurbilgo Udalak, Galiza, Katalunia eta Euskal Herriko zenbait eragile politikoek, ostiral honetarako, urriaren 8rako, etenik gabe gorantz doan argindarraren prezioaren aurka antolaturiko kazola-jotze eta itzalaldiarekin. Ordu erdiko ekimena izango da, ostiral gau honetan aipatu moduan, 22:00-22:30 artean.

Herritarrei, eragileei deialdiarekin bat egitera deitu zaien moduan, Udalak ere modu aktiboan parte hartuko du. Ohar bidez argitu duenez, "gauez argirik ezak sor ditzakeen segurtasun arazoez jabetuta, kaleetan ez da argirik kenduko". Zenbait eraikin edota horma esanguratsuenetako argiak itzaliko ditu. Guneotakoak hain zuzen; udaletxeko plaza ilunpean geratuko da ordu erdiz. Baita frontoi atzealdea, Mikel Laboa plazara begira den Jose Luis Zumetaren murala. Dema plaza inguruan ere nabariko da itzalaldia; eliza ere argirik gabe ikusi ahalko baita. Azkenik baita Artzabal ingurua ere, Udalak ohartarazi duenez. 

Ostiral gau honetako itzalaldia aipatu moduan ordu erdikoa izango da, 22:00-22:30 artekoa.