Giza proba urriaren 17an

Usurbil Herri Kirol Taldea, erronka berrirako prestatzen

Giza proba, 2021eko erronka antolatu du Usurbil Herri Kirol Taldeak urriaren 17rako, eguerdiko 12:00etan Dema plazan.

Irudiotan dituzue Aimar Zuloaga Segurola, Gabi Sarasola Ibargoyen eta Iurgi Mendiluze Zuloaga. Usurbil Herri Kirol Taldeko kideak hirurak, datorren "desafiorako", giza probarako prestatzen ikusi ahalko zenituzten asteotan. Urriaren 17an "Urepel" harriarekin lehiatuko dira Dema plazan, Joseba Sanchez leitzarrarekin. Hiru kideak uztaila hasierako Usurbilgo Kultur Biraren baitan ospaturiko giza probako parte hartzaileetatik aukeratu ditu hitzordurako araudi bat zehaztua duen antolakuntzak.

Araudi bikoitza prestatu dute; covid19ari lotutako baldintzak betetzeko bat, bestea kirol mailakoa. Usurbildarrek 1.800 kiloko "Urepel" harriari tirako diote, Joseba Sanchez 750 kiloko "Txefarri" harriari, hurrenkera horretan hain zuzen; lehenbizi usurbildarrek parte hartuko dute, segidan leitzarrak. Saio bakoitzak 30 minutuko iraupena izango du. "Saio bakoitza, frontoi aldeko lehenengo arrastotik hasiko da, plaza 13 zintakoa delarik", antolakuntzak gogorarazi duenez. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolaturiko proban, "harrira doan katea puskatzen bada matxura kontsideratuko da, 5 minutuko tartea egongo da beharrezko konponketak egiteko". 

Erronka honen ostean, herri kirolen arloan, zehazkiago esanda, aizkolaritzan nahiz segan txapelketa entzutetsu asko irabazi eta ibilbide ezin oparoagoa jorratu duen Egioleta baserriko Txomin Alkorta Sarriegi herritarra omenduko dute. Ekitaldirako sarrerak 5 eurotan eskuratu ahalko dira egunean bertan, Sutegi atarian. Eguerdia borobiltzeko, Saizar sagardotegian bazkaria antolatu dute.

Giza proba, omenaldia eta bazkaria
Eguna: urriak 17, igandea.
Ordua: 12:00.
Tokia: Dema plaza.
Zehaztasunak: lehenbizi Usurbil Herri Kirol Taldeko hiru kide (Aimar Zuloaga Segurola, Gabi Sarasola Ibargoyen, Iurgi Mendiluze Zuloaga) lehiatuko dira 1.800 kiloko Urepel harriarekin giza proban. Joseba Sanchez leitzarra 750 kiloko harriarekin. Segidan, herri kirolen munduan ibilbide oparo askoa izan duen Egioleta baserriko Txomin Alkorta Sarriegi herritarrari omenaldia. Eguerdia borobiltzeko, bazkaria Saizar sagardotegian. Bertaratu nahi duenak, urriaren 15a baino lehen deitu dezala 618 009 069 telefono zenbakira.
Sarrerak: egunean bertan 5 eurotan, Sutegi atarian salgai.
Antolatzailea: Usurbil Herri Kirol Taldea.