Giza proba urriaren 17an

Txomin Alkorta Sarriegi omenduko dute, urriaren 17ko giza probaren amaieran

“Giza proba edo dema dagoen tokian, han inguruan Txomin”. Hala diote urriaren 17an Egioleta baserriko Txomin Alkorta Sarriegi omendu nahi duten lagunek. Herri kiroletan lehiakide nahiz eragile gisa, ibilbide ezin oparoagoa jorratu duen herritarrari gorazarre egingo diote igande horretan, bestela izan ezin zuen moduan, Usurbil Herri Kirol Taldeak antolatu duen “desafio” baten bueltan. Txominekin bildu da hedabide hau.

Baserriko lanetan du jatorria zeure ibilbidearen abiapuntuak?
Haurtzarotik gure jostailua sega izaten zen. Igeldoko jaietan aizkoran lehiatzen zen osaba. Bera ezkondutakoan urtero ateratzen ginen. Igeldon asteasuar bat zegoen bizitzen eta hik sega ingo huke esan zidan. Probatuko nuela eta 19 urte nituela, Jauregira, Hernanira eraman zidan berak txapelketa batera, 1973an. Orduan ez zen pisua kontuan hartzen, 1.500 metro zeinek lehenago ebaki eta hura irabazi nuen.

Hortik, jarraitzeko grina.
Txapela eman zidaten eta horrek eman zidan segitzeko gogo hori. Bide hori jarri zuen. Osaba bat nuen segitzen zidana eta hark bultzata. 1974an ere atera nintzen, bigarren egin nuen Jauregin. Hortik atzera bi apustu ere egin nituen aizkoran, bat Usurbilen, bestea Azpeitian.

Zenbat txapela dituzun zenbatu al duzu?
Zortzi edo badaude. 

Euskadiko txapelketak, Espainiakoak…
1975ean hil zen Franco eta orduan aldatu zuten Euskadikora. Bigarren geratutakoak hiruzpalau txapela baditut. 

Zer nolako giroa izaten zen orduan herri kirolen bueltan?
Orain baino serioagoa zen. Apustuak eta txapelketak serio hartzen zituzten, eta jendea gainean izaten zen.

Baserriko lana bera entrenamendu gunea izango zenuen.
Baserrian ere lan egin behar izaten nuen. Nahi bezala ez nintzen prestatzen baina bai, sega egunero eskuan. Segak urte haietan niretzat sekreturik ez zuen.

Hainbeste txapela irabazteko teknika berezirik ba al zenuen?
Ez, teknika bakoitzak berea izaten du. Batzuk eleganteagoak izaten dira, besteak nahiz itsusiagoak ikusteko gehiago ebakitzen dizu.

Zorroztaile ona zarela diote lagunek. 
Abantaila handiena izaten nuen sega neronek pikatzen nuela. Gero zorroztu ere ahal nuen guztian egiten nuen. Ordubeteko saioan ordu erdi bat zerorrek zorrozteko aukera izaten zenuen, ikaragarri gustatzen zitzaidan, ze zorrozten nuen eta gorputzari atsedena ematen nion. Erreminta zorrotzak abantaila handia du. Indarraren erdiarekin ebakitzen duzu erreminta zorrotza baldin baduzu.

Sega txapelketen garai ederrena bizitzea egokitu zitzaizula esan daiteke?
Bai, orain ez dute jartzen saririk. Garai hartan bai, bazenekien zer diru jasoko zenuen. Orduan ere gutxi izaten zen baina orain eskasago dago kontu hori, inork ez du esaten zenbat emango dizun, non eta apusturen bat egiten ez duzun.

Txapelen artean baduzu baten bat oroitzapen hobea dakarkizuna?
Gehiena estimatutakoa aurrenekoa; Basarri zaharrak esaten zuen, uste ez den tokitik erbiak egiten du salto eta nik hala egin nuen. Arriya, Aierbe eta Aburuza ziren lehiakideak. Eta ni 19 urteko gaztea, hura izan zen ezustekorik handiena, aurrenekoa izatea. Txapela denek ematen dute poz hori baina hura zen aurrenekoa.

Lehia gogoangarririk?
Harri handiarekin egin zen saio handi hura. Bizkaitik 4, Arabatik bost, frantsesak 6 eta herrikoak zazpi koadrila atera ginen 1987an. Orduan bai jendea, mundua zen ordua plazan. Laugarren amaitu genuen. Entrenamenduetan sekula ez ginen jiratzen ibiltzen harria eta uste baino gehiago joan. Txapelketan denbora asko galdu genuen eta halere plaza eta hiru zinta egin genituen.

Aizkoran ere ibili zinen.
Igeldon herriko festetan eta gero bi apustu egin nituen bat Usurbilen, 1974 inguruan; beste igeldoar bati 10 kana erdikotara irabazi nuen eta handik hiruzpalau urtera ere Azpeitian jokatu nuen igeldoar baten aurka eta hura galdu egin nuen. 1984an urte hoberena izan nuen, Hernanin, Larraitzen, Andoainen jokatu nuen eta finala Iturriotzera jokatzera joan ginen, han bigarren egin nuen. Ika-mika izan zen han; belarrik ez zutela jarri behar beste eta ni minutu eta erdiz geldirik egon nintzen, bigarren amaitu nuen.

“Herri kiroletatik ez dago bizitzerik”
Ibilbide luzea jorratu duzu herri kiroletan.
1984an bukatu nituen sega kontuak, onenean nengoela. Gero idiekin eta aritu nintzen.

Gehiagorako gogoz geratu al zinen?
Segan onenean geratu nintzen. Horretatik bakarrik ezin bizi eta nik ere etxean lanak nituen. Ez dut damurik utzi izanagatik, ondo utzi behar da sasoia duzun artean, ez arrastaka zabiltzala, itsusia da. Azken urteetan arrastaka ikusten bazaituzte lehen egindako dena galdu egiten duzu eta nik damurik ez dut egia esan.

Ze eman dizu herri kiroletan aritzeak?
Mundu horretako jende asko ezagutzeko aukera. Gainerakoan, herri kiroletatik ez dago bizitzerik. baina gustatuz gero mundu polita da. 

Herri kirolek zer nolako bilakaera izan dutela sumatu duzu?
Beherakada. Zu jarri zaitez begira edozein erretratutan eta lehen jende gehiago izaten zen. 

Urriaren 17an “desafio” berria. Belaunaldi berria nola ikusten duzu?
Ondo, hori segitu beharra dago. 

Apustua egitekotan zeinen alde?
Neure iritzirako usurbildarrek irabaziko dute.