Argindarraren etengabeko garestitzeak itzalaldia eta protesta zaratatsua eragin du

Gune esanguratsuetako argiak itzali ditu Udalak ordu erdiz. Hainbat herritarrek ere gauza bera egin dute etxeetan. Taberna batzuk ere ilunpean ziren. Eta kalean zarata; lapiko-jotzea eta frontoi inguruan sirena hotsa. Alarma eta haserrea piztu baitu Usurbilen ere, argindarraren etengabeko garestitzeak. Ostiral gau honetan, Euskal Herrian, Galizan eta Katalunian deitua zen ordu erdiko protestarekin bat egin du udalerri honek.

Gaueko hamarretako kanpai hotsekin batera Jose Luis Zumetaren murala lehenik, elizako kanpandorrea gero, eta udaletxea ere bai, ilunpean geratu dira. Ez da inolako matxurarik izan. Euskal Herrian, Galizan edota Katalunian, argindarraren etengabeko eta gehiegizko garestitzea salatzeko deitua zegoen ordu erdiko protestarekin bat egin du udalerri honek ostiral gau honetan, 22:00etan hasita ordu erdiz.

30 minutuz "elektriketatik deskonektatu!"  da Usurbile, hortxe aipatu hiru herrietako eragile politiko hainbatek herritar nahiz erakundeei luzatua zieten gonbita. Usurbilgo Udalak segurtasunagatik kaleko argiteria piztuta mantendu du baina gune esanguratsuetako argiteria itzali du; udaletxekoa, elizakoa edota Zumetaren murala adierazi moduan.

Hainbat etxeetan ere bat egin dute itzalaldiarekin. Kaxkoko zenbait tabernek ere argiak itzali dituzte deialdiarekiko atxikimendu moduan. Argiteria deskonektatu soilik ez, zarata ateratzeko deia ere egina zegoen eta hala egin dute hainbat herritarrek balkoietan, nahiz kalean. Frontoi inguruan, sirena hotsak ere entzun dira etenik gabe.

"Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du"
Ordu erdiz argia itzaltzea eskatzen zuten, "deskonektatu elektriketatik!" aldarripean. Euskal Herri mailan, sindikatu, eragile politiko, talde ekologista, kirol nahiz eragile sozial hainbatekin adierazi diote babesa ostiral gau honetako deialdiari. Udalerri honi dagokionean, Udalak bat egin zuen irailaren 30eko udalbatzarrean gai honi buruzko mozioa gehiengo osoz onartuta, EHBilduren babesarekin. EAJ abstenitu zen, PSE-k aurka bozkatu zuen.

Testuak "Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria salatzen du". Horren aurrean, mozioak dioenez, "Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezko publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko". Horretarako, "Eusko Jaurlaritza/Nafarroako Gobernua interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin".