"Udazkena liburutegian"

"Miñan" liburuaren aurkezpena urriaren 20an, Amets Arzallusekin

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 11a, 09:27

Urriaren 24an Liburutegien Eguna ospatuko da. Egun honen bueltan urtero zenbait ekimen antolatu ohi ditu Sutegik. Oraingoan, batetik, Amets Arzallusen "Miñan" liburuaren aurkezpena urriaren 20an. Egilea kultur-etxera gonbidatuko dute. Liburuaren hainbat ale eskuragarri dituzue liburutegian. Bestetik, udaberrian bertan behera utzi behar izan zuten "Irudipuinak" emanaldia urriaren 27an antolatzea erabaki dute. Ixabel Agirresarobek ipuin kontalari gisa jardungo du eta artean, Mattin zuzenean marrazten ariko da.

Amets Arzallus izango da urriko protagonistetako bat Usurbilgo kultur bizitzan. Sutegira gonbidatu dute udal liburutegikoek, bere "Miñan" sortze lana aurkeztera urriaren 20an. Gaurkotasun handiko gaiari heltzen dio Ametsek. "Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallus Antiak letraz idatzia". Susa argitaletxeak plazaraturiko liburuaren aurrerapenean irakur dezakegunez, "Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du".

Nahi izanez gero, urriko solasaldira liburua aurrez irakurrita joan zaitezkete. "Liburuaren hainbat ale dugu zuretzat eskuragarri; Zatoz, eta eskaiguzu!", luzatu dute gonbita Sutegi udal liburutegitik.


"Miñan" liburuaren aurkezpena
Eguna: urriak 20, asteazkena.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegi aretoa.
Zehaztasunak: "Miñan liburuaren inguruko aurkezpen-solasaldia, Amets Arzallusen eskutik".
Izen ematea: aurrerago zabalik, usurbilkultura.eus plataforman. 
Oharra: "Liburuaren hainbat ale dugu zuretzat eskuragarri; Zatoz, eta eskaiguzu!".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.