“Herria herritik, beste 25 baietz!”

25 urteotako ibilbidea herriarekin ospatzeko "NOAUA!Fest" urriaren 23an

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 13a, 13:48

Jai giro beteko ekitaldi bereziarekin, bidelagun izan dituenekin ospatuko du NOAUA! Kultur Elkarteak urriaren 23an, 25 urteotako ibilbidea. Hitzordurako izen ematea zabalik duzue.

Mende laurdena bete du NOAUA! Kultur Elkarteak eta ospatzera goaz, zuekin; sortzaile, bazkide, langile, kolaboratzaile, herri eragile, laguntzaile, babesle guztiokin. Hitzordua jarria dugu; urriaren 23a, arratsaldeko 18:30etan, frontoian, non bestela?. Festa giro betean joango zaigun ekitaldia prestatzen gabiltza, azken hilabeteotako dinamikari jarraiki, “herria herritik, beste 25 baietz!” aldarriaren bueltan.

Hain zuzen horregatik, NOAUA! K.E. herriak sortu zuelako, herriarekin ospatu nahi dugu 25. urtemuga hau ere. Jolasak, dantza, bertsoak, musika... denetariko osagaiak izango dituen ekitaldia herritik herriarentzat antolatu da, kasu honetan mende laurdenari gorazarre egin eta elkarlanean egindako ibilbidea nabarmentzeko. Eta noski, aurrera begira ere ibilbide horretan sakontzeko. Bertara joan nahi duenak, izena doan eta aurrez bidera dezake jada usurbilkultura.eus plataforman, urriaren 21a baino lehen. Bestela deitu 943 360 321 telefono zenbakira. Etorriko zara ezta? Bestela eamangoaue! Ez ahaztu, NOAUA! K.E.-ren 25. urtemugako txapa horia jantzita agertzea.