Adinekoentzako eskaintza bikoitza, euskara klaseak eta "Goazen Kalera" egitasmoa

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 13a, 11:16
Argazkia: Usurbilgo Udala.

Sasoian mantendu nahiz euskara maila hobetzeko egitasmo bana abian izango du Usurbilgo Udalak ikasturte honetan zehar.

Aisialdirako eskaintza interesgarri eta osasuntsua datozen hilabeteotarako adinekoentzako Usurbilen. Batetik, asteazken honetan bertan, urriaren 13an abian jarri dute berriz Usurbilgo Udalak, anbulatorioak eta jubilatu elkarteek covid19ak eragindako osasun krisialdiak bertan behera uztera behartu zuten "Goazen Kalera" egitasmoa. 

Asteazken honetatik aurrera, astero goizeko 11:00etan Artzabaletik abiatuta herrian barrena ibilaldiak egiteko aukera izango da. Antolakuntzak zenbait egokitzapen txertatu ditu adineko herritarrei nahiz dibersitate funtzionalak dituztenei zuzenduriko ekimenean, "segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko".

Euskara klaseak
Euskararen ezagutzan sakontzeko aukera ere izango dute ikasturtean zehar herriko adinekoek. Bigarren urtez segidan antolatu dute ikastaroa Udalak, Gure Pakea elkarteak eta Etumeta AEK euskaltegiak. Urriaren 21ean abiaraziko dituzte klaseak; ostegunero 18:15ean, Artzabalen, ekainera arte. Doakoa izango diren ordu eta erdiko saioetarako izena urriaren 20a baino lehen eman beharko dute interesdunek goizez, 10:00-12:00 artean Artzabalen bertan edo 943 371 999 telefono zenbakira deituta.

Aipatu moduan, bigarren aldiz antolatu dute ikastaroa; udaberri partean, apiriletik ekainera antolatu zuten estreinako aldiz. Harrera ezinhobea izan zuela ikusita esperientzia errepikatzea erabaki dute. Bigarren edizio honetan, aurrekoan landutakoari segida emango diote; "oinarrizko hiztegia eta esamoldeak" jorratuko dituzte. Eta urrats berriak eman ere bai euskalduntze prozesu horretan; "azalpen txikiak emateko gaitasuna lantzea, eguneroko erosketetarako gakoak, zenbakiak...".