Hitano ikastaroa antolatu du Udalak azarorako

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 19a, 12:00

Udalak Euskara Aholku Taldearekin batera hitano ikastaroa antolatu du aurten ere azarorako. Azaroaren 2an hasi eta 30ean bukatuko da. Astearteetan, 18:15-20:00 bitarte Potxoenean aukera izango dute herritarrek hika behar bezala erabiltzeko Etumeta Euskaltegiko Rosa Zubeldiaren laguntzarekin. Parte hartu nahi dutenek, kultura@usurbil.eus helbidera mezu bat bidali beharko dute edo 943 371999 telefono zenbakira deitu.

Aurtengo proposamena ere, joan zen urtekoa bezala, hika lantzeko ikastaroa izango da, betiere nokari arreta berezia jarrita. Udalak hikaren ezagutza eta erabilera areagotzeko abiatutako ibilian, bigarren urratsa izango da azaroko ikastaroa. Lehen ikastaroak harrera bikaina izan zuen; ia 30 lagunek eman baitzuten izena. Oraingoan 16 lagunek izango dute aukera, eta izena eman ahala beteko dira tokiak. Saioetan teoria eta praktika uztartuko ditu Rosa Zubeldia irakasleak.

 

2016an Usurbilen egindako kale neurketak agerian utzi zuen hikaren erabilerak, eta batez ere nokarenak, Usurbilen izan duen atzerakada. Izan ere, hizketan aditutako herritarren artean 10etik 3k baino ez zuten hika egiten, eta horien artean soilik %11,k noka. Udalarentzat hika herri ondarea da. Belaunaldiz belaunaldi ahoz jaso usurbildarrek hitanoa. Are gehiago, herritar asko izan dira tankerako ekimenen bat martxan jartzeko iradokizuna egin dutenak. Transmisioan gertatu den etena iraultzeko helburuz, hortaz, hainbat ekimen izango dira aurrerantzean herrian.

Euskara klaseak adinekoentzat
Euskararen ezagutzan sakontzeko aukera ere izango dute ikasturtean zehar herriko adinekoek. Bigarren urtez segidan antolatu dute ikastaroa Udalak, Gure Pakea elkarteak eta Etumeta AEK euskaltegiak. Urriaren 21ean abiaraziko dituzte klaseak; ostegunero 18:15ean, Artzabalen, ekainera arte. Doakoa izango diren ordu eta erdiko saioetarako izena urriaren 20a baino lehen eman beharko dute interesdunek goizez, 10:00-12:00 artean Artzabalen bertan edo 943 371 999 telefono zenbakira deituta.

Aipatu moduan, bigarren aldiz antolatu dute ikastaroa; udaberri partean, apiriletik ekainera antolatu zuten estreinako aldiz. Harrera ezinhobea izan zuela ikusita esperientzia errepikatzea erabaki dute. Bigarren edizio honetan, aurrekoan landutakoari segida emango diote; "oinarrizko hiztegia eta esamoldeak" jorratuko dituzte. Eta urrats berriak eman ere bai euskalduntze prozesu horretan; "azalpen txikiak emateko gaitasuna lantzea, eguneroko erosketetarako gakoak, zenbakiak...".